Endoiabidean asfaltoa berritzeko lanak bihar hasiko dituztela jakinarazi du Zestoako Udalak. Zestoatik Endoiara doan errepidearen 1.200 metrotan berrituko dute asfaltoa, Baltzola baserriaren eta Lili jauregiaren arteko zatian, hain zuzen. 92.427 eurotan lizitatu ditu lan horiek udalak.
Eguraldia alde badute behintzat, asfaltatze lanak hiru egunetan egitea aurreikusi dute. Bihar bide bazterrak garbitu eta asfalto zaharra freskatzeko lanak osatu ondoren, datozen astelehenean eta asteartean, irailaren 4an eta 5ean, botako dute asfalto berria Endoiabideko aipatutako zatian. Bi egun horietan, "makineria lanean ari den bitartean", Endoiabidea itxi egingo dute, baina inguruko bizilagunek bide mozketen gaineko informazioa eskura izango dutela zehaztu du udalak: "Inguruko baserritarrek informazio guztia lehen eskura jasoko dute bidean zehar jarriko diren oharren bitartez, mozketa ordutegiak barne".