Lehenengo diskoa kaleratu berri du Zestoako Manitu taldeak. Larunbatean aurkeztu zuten, Leize taldearekin batera eman zuten kontzertuan. Herriko talde beteranoa eta talde hasiberria batu zituen larunbateko emanaldiak, eta jende ugari bildu zen plazan. Leize taldeak 40 urteko ibilbidea ospatzeko aukera izan zuen.
Bost kantak osatzen dute abuztuaren 23an kaleratu zuten Manitu deituriko disko homonimoa, eta doinu zein erritmo ezberdinak bildu dituzte bertan, taldearen kutsu pertsonala ematen dieten tronpeta eta ahots urratuaren erabilerarekin uztartuz.
Duela bi hilabete kaleratu zuten Murgel abestiaren bideoklipa, diskoaren aurrerapen moduan, eta Supremaziaren aztarnak, Aske, Azken geltokia eta Hurko kantekin osatu dute lana.