Azken txanpan dira Aizarnako amabirjinak

Julene Frantzesena 2023ko abuztuaren 15a

Eguerdian umeen krosa egin dute Aranburu landetxearen ondoko zelaian, eta arratsaldean, berriz, pentatloi erakustaldia eskainiko dute hainbat kirolarik. Ondoren, trikitilarien emanaldia izango da.

Azken txanpan dira Aizarnako Amabirjin jaiak, baina festetako azken eguna izanagatik, ez da ekitaldirik faltako. Eguerdian, esaterako, umeen krosa egin dute Aranburu landetxearen ondoko zelaian.

Arratsaldean, berriz, 18:00etan hasita, pentatloi erakustaldia eskainiko dute Andoni Iruretagoien Izetak, Jagoba Otaegik, Xabier Zalduak eta Mikel Agirrek; gainera, Lur Errenkondo harri jasotzen ariko da.

Jaiei bukaera emateko, 22:00etatik aurrera, Enaitz Alberdi eta Oibar Olano trikitilarien emanaldia izango da. Horrekin agurtuko dituzte aizarnarrek zapatuan hasi zituzten aurtengo amabirjinak.

(Argazkiak: utzitakoak)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide