Amabirjin festetan murgilduta daude Aizarnan, eta atzo hasitako festari gaur eman diote jarraipena. Goizean, jubilatuak izan dira protagonistak. 11:00ak bueltan, jubilatuentzat hamaiketakoa eskaini dute Konpittekon, eta hainbat izan dira sabela betetzera animatu direnak. Haurrek ere izan dute zer egina. Goizean, txikienentzat nahiz gurasoentzako pailazo emanaldia izan da plazan, eta egunean zehar askotariko jolasetan ibiltzeko aukera izan dute. Ginkana ere egin dute.
Gauean kontzertua eskainiko du Eire musika taldeak. Eire Salegi eta Eire Maya zumaiarrek osatzen dute Eire taldea, eta 22:00etan igoko dira plazako oholtzara.
Bihar egun berezia izango da, eta egun guztian zehar adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak izango dira Aizarnan.
Hona hemen datozen egunetako egitaraua:
Abuztuak 14, astelehena. Amabirjin bezpera.
- Goizean, oilasko biltzea.
- 11:00etan, haur eta gazteentzako herri kirolak eta bazkaria.
- 12:00etan, paella lehiaketa eta bazkaria.
- 23:00etan, Rodeo taldearen kontzertua.
- Ondoren, HGS DJa.
Abuztuak 15, Amabirjin eguna.
- Eguerdian, umeen krosa.
- 18:00etan, pentatloi erakustaldia: Andoni Iruretagoiena Izeta; Jagoba Otaegi / Xabier Zaldua; Mikel Agirre. Harri jasotze erakustaldia Lur Errekondorekin.
- 22:00etan, Enaitz Alberdi eta Oibar Olano trikitilariak.