Aizarnako herritarrak arratsaldean murgildu dira Amabirjin jaietan. 18:00etan puntuan txupinazoa botata ekin diote festei, eta datozen egunetan haurrentzako, gazteentzako nahiz helduentzako askotariko ekitaldiak izango dituzte.
Aizarnako gazteenek bota dute txupinazoa. Hain zuzen ere, jaien antolatzaileek erabaki zuten jaien hasierako suziria aurten jaiotako haurrek eta haien gurasoek botako zutela, baina aurten auzoan umerik ez denez jaio, iaz jaiotako haurrak eta haien gurasoak izan dira protagonista Gainera, bi gaztetxok "Aupa, Aizarna" esanda bota dute suziria. Herritar ugari izan dira plazan, eta txupinazoa bota orduko buruhandiak atera dira plazara.
Datozen orduetan herri afaria eta Soiñuz Blai taldearen emanaldia izango dira Aizarnan, eta bihar segituko dute festekin. Zehazki, jubilatuentzat hamaiketakoa, umeentzako jolasak eta Eire taldearen kontzertua izango dira biharkoan. Etzi eta etzidamu, berriz, beste hainbat ekitaldi izango dira.
Egitaraua:
Abuztuak 12, larunbata
- 21:00etan, herri afaria.
- 23:00etan, Soiñuz Blai.
Abuztuak 13, igandea
- Hamaiketakoa, jubilatuentzat.
- Egun guztian zehar, umeentzat jolasak.
- 22:00etan, Eire bikotearen kontzertua.
Abuztuak 14, astelehena. Amabirjin bezpera.
- Goizean, oilasko biltzea.
- 11:00etan, haur eta gazteentzako herri kirolak eta bazkaria.
- 12:00etan, paella lehiaketa eta bazkaria.
- 23:00etan, Rodeo taldearen kontzertua.
- Ondoren, HGS DJa.
Abuztuak 15, Amabirjin eguna.
- Eguerdian, umeen krosa.
- 18:00etan, pentatloi erakustaldia: Andoni Iruretagoiena Izeta; Jagoba Otaegi / Xabier Zaldua; Mikel Agirre. Harri jasotze erakustaldia Lur Errekondorekin.
- 22:00etan, Enaitz Alberdi eta Oibar Olano trikitilariak.