Hasi dira udako prestatutako ekintzekin Zestoako Gaztetxe berrian

Maialen Etxaniz 2023ko abuztuaren 12a

Aukerak giltzapean erreportajearen proiekzioa, auzolana eta pintxo-potea dira orain arte egin dituzten ekintzak. Hurrengo astelehenean Umeen Eguna izango da Gaztetxean, eta ur jolasak eta eskulanak izango dira egun osoan zehar. 

Desalojo arriskuan dago Zestoako Gaztetxe berria, eta Gazte Asanbladako kideek egitarau oparoa prestatu dute abuzturako. Elizak salaketa jarri eta bide zibila hartu duela jakin berritan eman zuen antolatutako ekintzen berri gazte asanbladak, Zentroko Gaztetxea "bizirik" dagoela erakusteko. 

Ostegunean ekin zioten ekintzei, eta atzo, ostiralez, Errakiren Aukerak giltzapean ikus-entzunezkoaren proiekzioa eskaini zuten. Okupazioaren kontrako ofentsibaren inguruko erreportajea da Aukerak giltzapean, eta, besteak beste, desokupazio enpresak, lege aldaketak eta hedabideen kriminalizazioa lantzen ditu. Esklabak Zentro Sozialista ere agertzen da erreportajean. Era berean, auzolanean aritu dira azken egunotan, gaztetxeko azpiegitura lanak aurreratzeko.

Astelehenean, hilaren 21ean, jarraituko dute prestatutako egitarauarekin, eta Umeen Eguna izango da. Askotariko jolasak eta eskulanak egingo dituzte egun osoan zehar, herriko txikienei zuzenduta. Hilaren 22an auzolana egingo dute gunea txukuntzeko, eta hilaren 24an Ekidaren Miseriaren adarrak bertso ikuskizuna ikusteko aukera izango da. Irailaren 2rako Gazte Eguna antolatu dute, baina oraindik ez dute xehetasunik eman. 

(Argazkiak: Zestoako Gazte Asanblada)

Hona hemen antolatutako ekintzen egitaraua, osorik:

Abuztuak 21, astelehena: 

Umeen Eguna. Ur jolasak eta eskulanak egun osoan zehar. 

Abuztuak 22, asteartea: 

09:30ean, auzolana. 

Abuztuak 24, osteguna:

18:00etan, Miseriaren adarrak bertso ikuskizuna, Ekidaren eskutik. 

Abuztuak 29, asteartea: 

09:30ean, auzolana.

Irailak 2: Gazte Eguna.

Irailak 7,8,9 eta 10, herriko festak. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide