Aizarnako gazteenek txupinazoa botata hasiko dituzte amarbirjinak larunbatean

Nerea Uranga 2023ko abuztuaren 8a

Aurreko urte bateko Aizarnako festetako irudia.

Abuztuaren 12tik 15era artean ospatuko dituzte Amabirjin jaiak Aizarnan. Aurtengoan, herriko gazteenek eta haien gurasoek botako dute festak hasteko suziria datorren zapatuan, 18:00etan. Ohiturarekin jarraituz gazteek oilasko biltzea egingo dute hilaren 14an, Amabirjin bezperan.

Aizarnan prest dira Amabirjin jaiak hasteko. Datorren zapatuan, abuztuaren 12an, botako dute txupinazoa, eta hilaren 15era artean haurrentzako, gazteentzako zein helduentzako ekitaldiak izango dituzte. Aurtengo festak Aizarnako gazteenek botako duten suziriarekin hasiko dituzte. "Festetako txupinazoa Aizarnan aurten jaiotako haurrek eta haien gurasoek botatzea erabaki genuen, baina aurten haurrik ez da jaio Aizarnan. Ondorioz, iaz jaiotako haurrek eta haien gurasoek botako dute. Aurten aurreneko aldiz otu zaigu horrela egitea, baina hurrengo urteetan ere hala izateko intentzioarekin", azaldu du Asier Olazabal festa batzordeko kide denak.

Txupinazoaren ondotik pilota partidak izango dituzte Aizarnan zapatuan, eta gero, 21:00etatik aurrera, herri afaria.

Amabirjin egunera bitartean, adin guztiei zuzendutako ekintzak antolatu dituzte Aizarnan; igandean, hilaren 13an, esaterako, jubilatuentzako hamaiketakoa eta haurrentzako jolasak eta herri kirolak izango dituzte. Umeei herri kirolak nola diren erakusten Jagoba Otaegik eta Luis Txapartegi aizkolariek jardungo dute. "Biak Aizarnakoak izanda, haiek irakatsiko diete haur eta gaztetxoei nolakoak diren herri kirolak", adierazi du Olazabalek.

Oilasko biltzea, gazteen usadioa

Hilaren 14an, Amabirjin bezperan, urteetako usadioari jarraituz, oilasko biltzea egingo dute Aizarnako gazteek. Goizetik baserriz baserri ibiliko dira oilasko biltzen, eta hamaiketakoak egingo dituzte ibilbidean zehar. Gero, behin Aizarnako plazara iritsitakoan dantza egingo dute, eta paella lehiaketan parte hartutakoekin elkartuko dira bazkaltzeko.

Oilasko biltzeak urtetik urtera "gorabeherak" izan dituela aitortu du Olazabalek: "18 urtetik 30 urtera artekoek parte hartzen dute oilasko biltzean, eta adin tarte horretako gutxi daude Aizarnan, eta iaz azkenengo momentuan osatu ginen oilasko biltzerako. Atzetik 18 urtetik beherakoak dezente datoz, eta pentsatzen dugu datozen urteetan ere helduko diogula oilasko biltzeari".

Egitaraua:

Abuztuak 12, larunbata

  • 18:00etan, txupinazoa botako dute herritar gazteenek.
  • Ondoren, pilota partidak: Azkue-Agirre / Uria-Alonso eta Sasiain-Alonso / Egiguren-Egiguren.
  • 21:00etan, herri afaria.
  • 23:00etan, Soiñuz Blai.

Abuztuak 13, igandea

  • Hamaiketakoa, jubilatuentzat.
  • Egun guztian zehar, umeentzat jolasak.
  • 22:00etan, Eire bikotearen kontzertua.

Abuztuak 14, astelehena. Amabirjin bezpera.

  • Goizean, oilasko biltzea.
  • 11:00etan, haur eta gazteentzako herri kirolak eta bazkaria.
  • 12:00etan, paella lehiaketa eta bazkaria.
  • 23:00etan, Rodeo taldearen kontzertua.
  • Ondoren, HGS DJa.

Abuztuak 15, Amabirjin eguna.

  • Eguerdian, umeen krosa.
  • 18:00etan, pentatloi erakustaldia: Andoni Iruretagoiena Izeta; Jagoba Otaegi / Xabier Zaldua; Mikel Agirre. Harri jasotze erakustaldia Lur Errekondorekin.
  • 22:00etan, Enaitz Alberdi eta Oibar Olano trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide