Elizak Zentroko gaztetxea desalojatzeko prozesu judiziala abiarazi duela jakinarazi du Zestoako Gazte Asanbladak

Aitziber Arzallus 2023ko uztailaren 29a

Zestoako Gazte Asanbladako kideek gaur arratsaldean herriko plazan egin duten agerraldia. (Aitziberr Arzallus)

Atzo jaso zuten jakinarazpena eta abokatuarekin harremanetan jarri dira dagoeneko. Hala ere, irailera arte ez dute beste berririk espero, abuztuan epaitegiak itxita egoten direlako. Salaketak salaketa, asanbladako kideek adierazi dute orain arteko dinamikarekin jarraituko dutela Elizondo eraikinean, eta datozen asteetarako egitaraua prestatzen ari direla.

Esandakoa bete egin du Elizak. Zestoako Gazte Asanbladako kideak bere jabetzakoa duen Elizondo eraikinetik atera ezean, bide judizialari helduko ziola esan zuen orain dela aste batzuk, eta asanbladako kideek gaur arratsaldean bertan jakinarazi dute baietz, Elizak salaketa jarri diela, oraingoan bide zibiletik. Ez da jarri dien lehen salaketa; aurretik, bide penala erabili zuen gazteak Elizondo eraikinetik kanporatzeko, baina, azkenean, epaiketan zehar fiskalak ez ezik Elizak ere orduan auziperatutako gaztearen absoluzioa eskatu zuen, eta epaileak absolbitu egin zuen gaztea.

Asanbladako kideek atzo izan zuten Elizak jarritako bigarren salaketaren berri, eta dagoeneko abokatuarekin harremanetan jarri dira salaketa horrek izan ditzakeen ondorioak eta gainontzeko xehetasunen berri izateko. Dena den, abuztuan epaitegiak itxita egoten direnez, jada abian den prozedurak ere geldialdia izango duela uste dute, irailera arte.

Asanbladako kideek gaur arratsaldean agerraldia egin dute Zestoako plazan Elizak salaketa jarri diela lau haizetara zabaltzeko, eta Elizaren jarrera ez ezik, Zestoako Udalarena ere salatzeko. "Ekintza honekin berriz ere erakusten ari da Eliza bere izaera erreakzionarioa. Bere burua bakearen eta zapalduen ondoan kokatzen duen arren, instituzio kapitalista atzerakoi honek praktikan bere jabetza pribatua defendatzen du beste edozein balioren gainetik". Erortzen uzten ari zen erakikin bati benetako funtzio soziala eman diotela azaldu dute gazteek, eta hala ere, Elizak handik bota nahi dituela,  "jabetza pribatu santuaren izenean". "Ekintza horretan laguntzeko prest izango du estatuaren indarkeria, bere polizia eta epaileenkin, herriko gazteak eraikinetik kolpeka ateratzeko. Zertarako, eta berriz ere eraikina hutsik izateko, egunen batean etor daitekeen operazio espekulatiboren baten zain".

Zestoako Udalari buruz, berriz, esan dute bera izan zela Gaztetxea lekualdatzearen proposamena egin zuena, "baina denborak erakutsi du Gazte Asanbladari antolakuntza politikorako horrelako azpiegitura bat ematea ez zaio interesatzen, horren aurretik jarri baititu herriko orden soziala eta bere interes partidistak".

Asanbladako kideek adierazi dute "estatutik eta politika instituzionaletik at", herrian antolakuntza politiko, sozial eta kulturalari baldintzak eskaintzeko beren konpromisoa berresten dutela. "Gaztetxearen egoera ezegonkorrak muga eta oztopo ugari ezartzen badizkigu ere, jada erakjutsi dugu eraikin honek zentzu horretan duen potentzialitatea, bertan egin ditugun izaera ezberdineko ekintzekin". Aurrera begira ere horretan jarraituko dutela esan dute, udarako egitaraua prestatzen ari direla eta aurki emango dutela horren berri. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide