"Euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen" dituen epaia aho batez salatu du Zestoako Udalak

Mailo Oiarzabal 2023ko uztailaren 28a

Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren eraikina, Madrilen. (K3T0 / Wikipedia)

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzita euskararen kontra hartutako azken erabakia dela-eta adierazpena onartu zuten atzoko udalbatzarrean. Euskalgintzaren Kontseiluak deituta azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak.

Eskualdeko eta Euskal Herri osoko beste hainbat udalek bezala, Zestoako Udalak ere onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzita euskararen kontra hartutako epaia salatzen duen adierazpen instituzionala. Atzoko udalbatzarrean onartu zuten adierazpen hori, aho batez, Udal Gobernuan sagoen EH Bilduren zein oposizioko talde bakarra den EAJren aldeko botoekin.

Eusko Legebiltzarrak 2016an "kontsentsu zabalez" onartutako Udal Legearen 6.2 artikulua bertan behera utzita, udalei beren barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko "eskumena kendu" eta "aukera deuseztatu" zaiela gogoratu du Zestoako Udalak bere adierazpenean. "Euskal Herriko beste udal askok bezala, Zestoako Udalak ere euskara hutsean funtzionatzen du, eta aldi berean, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzen ditu. Erabaki honekin, ordea, euskararen normalizazioa helburu duten hizkuntza-politikak aurrera eramateko aukera ukatzen zaie udalei; egoera zaurgarrian dagoen hizkuntza indartzeko neurriak hartzea zailtzen da", nabarmendu du erakundeak.

Zestoa eta Urola Erdia euskararen arnasgune direla aintzat hartuta, "gure hizkuntzak harremanetarako, gozamenerako eta lanerako hizkuntza nagusia izan behar du, eta norabide horretan Espainiako auzitegiaren erabaki hau atzerapauso larria da", Zestoako Udalaren aburuz. "Finean, epai honek euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen erronka handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du".

Zestoako Udalaren ustez, "oldarraldi judizial, politiko edo mediatikoa koxka bat gehiago estutu du" Auzitegi Konstituzionalaren azken epai horrek. Erakundeek zein herritarrek euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldi horri aurre egiteko beharra aldarrikatu du udalak. Horregatik, Euskalgintzaren Kontseiluak "oldarraldi sistemikoa salatzeko eta euskaldunon eskubideak aldarrikatzeko" azaroaren 4rako Bilbon deitu duen manifestazio nazionalean parte hartzera deitu ditu herritarrak atzo onartutako adierazpenean.

Ondoko estekan irakur daiteke, osorik, Zestoako Udalak Auzitegi Konstituzionalaren epaia salatzeko onartu duen adierazpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide