Iraetan hondakinak legez kanpo isuri dituztela salatu du Eguzki erakunde ekologistak. Ekainean ere salatu zuen taldeak hondakinak errekastoan agertu izana, eta oraingoan, hondakin batzuk orduko leku berean agertu direla zehaztu du Eguzkik; Iraetako elizatik ehun metrora. Besteak beste, etxeko hondakinez betetako poltsak eta eraikuntzarako elementuak egiteko material zakuak agertu direla jakinarazi du –argazkian–.
Bestalde, handik 300 metrora beste hainbat hondakin ikus daitezkeela adierazi du Eguzkik. Arroagoia eta Ibañarrieta auzoen arteko errepidearen ezkerretara, autobus geltokiaren atzeko aldean, hain zuzen ere. "Hiri hondakinak ikus daitezke han, kopuru txikiagoan, baina baita pertsianak eta oihal zurizko zakuak ere". Era berean, uralita-hodien zati txikiak ere agertu direla salatu du Eguzkik.
Taldeak gogorarazi duenez, uztailaren 28ko 22/2011 Legean ezarritakoaren arabera, debekatuta dago hondakinak kontrolik gabe isurtzea edo ezabatzea. Horregatik, gogorarazi du tokiko erakundeei dagokiela beren eskumenen esparruan zaintza eta ikuskapen lanak egitea, eta Zestoako Udalari eta Urola Erdiko Makomunitateari eskatu die inguru horiek lehengoratzeko eta gertakariak ikertzeko.