Santio egunaz ondo gozatuta, Santa Ana egunarekin bukatuko dituzte festak gaur Arroagoian

Mailo Oiarzabal 2023ko uztailaren 26a

Herri kirol erakustaldiak ikusmina sortu zuen atzo arratsaldean plazan. Jaien azken jardunaldian dantzak, jubilatuentzako hitzorduak eta erromeria izango dituzte.

Aurtengo Santio eta Santa Ana festen seigarren eta azken eguna izango dute gaur Arroagoian. Atzo, Santio eguna, euriak frontoira eraman arazi zituen goiz eta eguerdi parteko ekitaldi guztiak, baina arratsaldean atsedena eman zuen eguraldiak, eta herri kirol saioa plazan egin ahal izan zuten. Udane Ostolaza eta Imanol Royo Lartain harrijasotzaileek eta Xabier Zaldua eta Aratz Mugertza aizkolariek emandako erakustaldiaz gozatu ahal izan zuten plazan elkartutakoek, baita Izer eta Alabier bikotearen trikiti eta pandero doinuez ere.

Gaur, jaien beste zaindariaren egunarekin, Santa Ana egunarekin, agurtuko dituzte festak Arroagoian. 11:00etako mezaren ondoren, Zestoako Itxaropena dantza taldeak emanaldia eskainiko du; eta ondoren, jubilatuek hamaiketakoa egin eta bingoan jokatzeko aukera izango dute. 19:00etan, berriz, aurtengo jaietako azken musika saioa eskainiko dute Etxaide eta Naiara trikitilariek, dantzarako gogoa duten guztientzat; eta erromeriaren tartean, jaietako otarrearen zozketa eta argazki lehiaketaren sari banaketa ere egingo dituzte arroarrek.

 

(Argazkiak: Eduardo Agirre)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide