Sagardo eta patata tortilla lehiaketak eta kirola uztartu dituzte Arroagoiko Santio egunean

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 25a

Arragoiko Santio-santana jaietan, Santio eguna ospatu dute gaur auzotarrek. Eguerdi arteko ekitaldi guztiak, eguraldi txarra tarteko, pilotalekuan egin dituzte.

Santio-santanak ospatzen ari dira Arragoian joan den ostiraletik, eta gaur Santio eguneko ekitaldiak izan dituzte. Eguraldi txarrak baldintzatuta pilotalekuaren aterpean egin behar izan dituzte gaurko antolatutako eguerdira arteko ekitaldiak. Goizean, patata tortilla eta sagardo lehiaketak egin dituzte, frontoian. Tortilla lehiaketan Ana Ulazia izan da irabazlea, eta bigarren postuan gelditu da Kontxita Eizagirre. Sagardo lehiaketan, berriz, Etxeberri izan da irabazlea; haren atzetik bigarren Larrazabalek egin du, eta hirugarren, Azketak.

Segidan, Abantzuko pilotarien pilota partidak ikusteko aukera izan dute Arragoiko pilotalekuan elkartutakoek. Arratsaldean, herri kirol saioa jokatuko da frontoian. 22:30etik aurrera, berriz, argazki proiekzioa izango da.

Bihar, Santa Ana egunez bukatuko dituzte Arroagoiko festak. 11:00etan meza izango da. Meza ostean, Itxaropena dantza taldekoen saioa izango da, eta jubilatuentzako hamaiketakoa eta bingoa. 19:00etan, Etxaide eta Naiara trikitilariek girotuta erromeria izango da, eta datorren urtera arte agurtuko dituzte festak.

Argazkiak: Eduardo Agirre.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide