Oporrak Bakean programari esker, uztailaren 10ean Mendebaldeko Saharako haurrak iritsi ziren Euskal Herrira; tartean, bi haur etorri ziren Zestoara. Asteburu honetan familien etxeetan dauden haurrak eta Darahli elkarteak Larrabetzun (Bizkaia) antolatutako Bakeleku udalekuetako haurrak asteburua elkarrekin pasatzen ari dira; udalekuetako haurrak Zumaiako hainbat familiaren etxetan ari dira igarotzen asteburua. Gaurko eguna Zestoan igaroko dute, eta haiei harrera egiteko, eta saharar herriarekin elkartasunez sahararren bandera eta ikurrina jarri dituzte udaletxeko balkoian.
Eguerdiko 13:00etan saharar haurrei eta Bakeleku udalekuetan parte hartzen ari diren begiraleei harrera egin diete Mikel Arregi Zestoako alkateak udaletxean. Mendebaldeko Saharako herria "zer-nolako egoeran" dagoen gogoan dutela, eta elkartasuna adierazi die Arregik Zestoako herriaren izenean. Horrez gainera, Euskal Herriko udako egonaldian "gozatzeko" opatu die haurrei. Zestoako Udalak motxila eta kantinplora bana oparitu diete haurrei.
Udaletxeko harreraren ondoren, Zestoako elkarte batean bazkaldu dute elkarrekin, eta segidan, jolasak izan dituzte.