Azkoitiko Udalak duela egun batzuk egindakoaren bide beretik, Zestoako Udalak ere alegazioak aurkeztu dizkio Eusko Jaurlaritzaren energia berriztagarrien inguruko Lurralde Plan Sektorialari (LPS). Dokumentu horretan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurretan berriztagarrien eskala handiko azpiegiturak eraiki ahal izateko guneak proposatu zituen Jaurlaritzak, eta Zestoako Udalaren esanetan, "horien artean, Zestoako lurretan, Aizarnako Autsorokogaina eta Igarantxogaineko eremuan eguzki plaka fotovoltaikoentzako bi zatitan banatutako zazpi hektareako gunea aurreikusten du".
80 orrialdeko txostenean, gune hori horretarako desegokitzat jotzeko arrazoi ugari ematen ditu erakundeak. "Hirigintza arloari dagokionez, gune horretan gisa horretako azpiegitura bat eraikitzea Zestoako Arau Subsidiarioek diotenarekin ez da bateragarria, gune hori soilik baserri jardueretarako izendatua dagoelako eta ezinbestean udal arauak aldatu eta plan berezi bat egitea eskatuko lukeelako". Era berean, LPSaren hasierako dokumentuak gunearen izendapena arrazoitzeko erabiltzen dituen argumentuak "oso ahulak" direla iritzi dio udalak, eta garbi ikusten dela "azterketa sakonik ere ez dela egin". Tamaina horretako azpiegitura batek eremu urbanizaezin eta natural batean eragingo lukeen inpaktua kontutan hartuta, hasierako onespenerako dokumentuak zehatzagoa izan beharko lukeela uste du.
Horrez gain, dokumentua argitara eman den garaia ere desegokitzat jo du Zestoako Udalak. "Udal Hauteskundeen atarian, udal guztiak desegin eta berriz osatzera bi hilabete inguruko tartea dagoela kontutan hartuta, alegazioak aurkezteko epeak bete-betean tarte horrekin kointziditu izanak udalentzat asko zaildu du alegazioak berme guztiekin aurkezteko aukera".
Zestoako Udalak nabarmendu du beste hainbat eragilerekin eta enpresekin elkarlanean, eguzki energia fotovoltaikoa ekoizteko plana garatzen ari dela, eta plan hori hasiera batean jada okupatua dagoen lur zorura mugatuko litzatekeela. "Eraikin fisikoen teilatuak eta azpiegitura ezberdinak baliatuta ekoizpen jasangarriago bat lor daiteke eta bai Zestoako herrigune nagusian, industria guneetan eta auzoetako eraikinetan ere eguzki energia fotovoltaikoa era ahalik eta jasangarrienean ekoizteak izan behar du lehentasuna". LPSaren hasierako dokumentuak jada tramitean diren eskala handiko proiektu eolikoak planifikaziotik salbuetsita utzi izana ere salatu du erakundeak. "Adibidez, gure kasuan dokumentuak Piaspe proiektuaren kokapena egokitzapen baxukotzat jo arren, tramitean egon izana proiektuarekin jarraitzeko adinako arrazoitzat hartzen du eta horrek udalak eta herritarrak indefentsio egoeran jartzen ditu. Izan ere, alegazioak jartzeko aukera bera ere ezabatu egiten du".
Amaitzeko, Piaspe proiektuaren enpresa sustatzaileak tramitazioa laburtzeko hartutako bidearen inguruan kezka adierazi du Zestoako Udalak , "antzeko proiektuek ezinbestean izan beharko luketen gutxieneko gardentasun ezak beste behin herritarrak eta gurea bezalako udalak ziurgabetasun egoeran uzten dituelako".