Manitu, laguntasunetik musikara

Unax Larrañaga 2023ko uztailaren 19a

Manituko taldekideak, Zestoako Fundizio lokalaren aurrean. (Unax Larrañaga)

Disko berria argitaratuko du Zestoako Manitu taldeak datorren udazkenean. Aurrerapen moduan Murgel kanta kaleratu dute, kutsu kritikoa duten hitzez eta tronpeta doinuz osatua.

Pandemiagatik bertan behera gelditu zen Bertsio Gau batean parte hartzeko asmoz osatu zuten Zestoako Manitu taldea. Gaur egun, kontzertu ugari ematen dituzte, eta duela gutxi kaleratu dute beraien lehen diskoaren aurrerapeneko Murgel abestia. San Inazio bezperan, hilaren 30ean, Azpeitiko txosnetan emango duten kontzertuan entzuteko aukera izango da.

Sei lagunek osatzen dute rock, ska eta punk estiloak jorratzen dituen Manitu taldea: Mikel Armendariz, Liam Zunzunegi, Oier Arantzeta, Ibai Larrañaga, Julen Irure eta Joritz Zunzunegi. Taldekide bakoitzak bere erreferenteak dituen arren, jo dituzten bertsioek taldearen norabidean "eragina" izan dutela diote, baita haizezko instrumentuek eta Armendariz taldeko abeslariaren ahots urratuak ere. "Euskal rock taldeen antzeko doinuak" bilatzen dituzte, tronpetekin lagunduz, beraien ukitua emateko.

Bertsioak atzean utzi eta kantu propioak sortzeko prozesuari ekitea izan da zestoarren erabakia, eta udazkenean kaleratuko dute lehen diskoa. Bost kantu izango ditu Zestoako Gaztain estudioan grabatu eta ekoitzi duten lanak. "Kutsu kritikoa" duten hitzak idatzi dituztela diote, nahiz eta diskoko lehenengo kantuak laguntasunaren gaia jorratzen duen.

"Ikasketa prozesu bat" izan dela diote taldekoek, bai estudio barruan grabatzeak eta bai lokalean kanta berriak sortzeak taldeak musikarekiko duen ikuspuntua aldatzea eragin duela adierazi dute. "Musika munduari buruz asko" ikasi dutela diote, eta entseguetan "erabat libre ibiltzetik, pauta batzuk finkatzera" pasatu direla azken hilabeteotan. Bertsioak jotzetik beren kantak sortzera igarotzeak ere taldearen garapenean eragina izan du. Entseguak sortzera bideratu dituzte, eta horrek "motibazioa" eta "frustrazioa" eragin dizkiete.

Zailtasunak ere izan dituzte sormen prozesuan. Diskoa atera behar zutela pentsatu gabe egin zituzten lehenengo hiru kantak, eta hori osatzeko falta zitzaizkien azken bi kantak egiterakoan izan zituzten trabarik handienak. "Geure buruarekin exijentzia maila handiagoa izan dugu azken kantuetan, eta gehiago kostatu zaigu horiek amaitzea". Hala ere, denborak bere fruituak eman dizkie, eta "gustuko zerbait" ateratzea lortu dute.

Zestoako musika harrobia

Herri txikia izangatik ere, eragin handia du Zestoak Euskal Herriko gaur egungo musikaren munduan. Rodeo, Ezpalak eta Grises musika taldeetako kideek ere "asko lagundu" dietela adierazi dute Manituko taldekideek.

Fundizion dute entseatzeko tokia, Zestoako beste musika talde berri askok bezala. Duela gutxi lortu dute lokala handitzea, eta horrek herriko musika kulturari "bultzada" emango diola espero dute Manitukoek. Jendea "musika sortzera animatzeko" asmoz sortu zuten Fundizio elkartea, denak batuz eta elkarri laguntza emanez, beraiek jaso duten laguntzaren trukean besteei laguntzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide