Zestoako zaintza ekosistema ardatz hartuta eta emakume zaintzaileen ahalduntzea sustatzeko helburuarekin, Zestoako Udalak ongizate emozionala lantzeko ikastaroa antolatu du. Familia ingurunean mendekotasun egoeran dauden pertsonen zaintza lanak egiten dituzten emakumeei zuzendu die udalak saioa. Hain justu, Berdintasunerako Udal Plangintzaren barruan gauzatuko dute tailerra, Saioa Garmendiak zuzenduta.
Ongizate emozionalean eta pertsonalean trebatua nahiz aditua da Garmendia, eta hark dioenez, "bizitza osasuntsu eta betea lortzeko oinarria da ongizate emozionala izatea". Saioetan lagunduko du, besteak beste, "norbere burua behatzen eta hobeto ezagutzen, emozioak sentitu eta lantzen, autoestimua hobetzen, estresa kontrolatzeko erlaxazio teknikak eskuratzen zein ongizatea lortzeko auto-zaintza estrategiak lantzen".
Saioak irailaren 14an hasiko dira eta datorren urteko apirilaren 25a arte iraungo dute. Bi astean behin elkartuko dira, ostegunetan, Alonderon; dena den, ordutegia parte hartzaileen beharretara egokituko dute. Interesatuek Zestoako Udaleko Gizarte Zerbitzuen Sailean eman beharko dute izena, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00ra bitartean, edo 943-14 71 32 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna abuztuaren 2a izango da.