Jakinarazi dituzte Zestoako amabirjinak iragarriko dituen egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketaren oinarriak. Zabalik da lehiaketan parte hartu ahal izateko epea, eta irekita egongo da abuztuaren 11ra arte; lanak Zestoako Udal Bulegoetan aurkeztu beharko dira.
Udalak eman ditu lehiaketan parte hartzeko gakoak, eta erakundeak adierazi du beharrezkoa dela Zestoan erroldatuta egotea. Aldi berean, nabarmendu du pertsona bakoitzak gehienez hiru lan bidal ditzakeela. "Lanek jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak izan beharko dute, 21x21 zentimetrokoak". Era berean, azalean zehaztu beharko dira Zestoa Amabirjinak 2023, Zestoa Herri Jaiak 2023 edo Zestoa Festak 2023 hitz gakoekin osatutako testuak. Lan bakoitzarekin batera, gutun-azal baten barruan idatzi beharko dira egilearen datuak eta NA zenbakia. Irabazleak 250 euroko saria lortuko du.
Epaimahaia Kultura, Jarduera Fisiko nahiz Kirola eta Jai Batzordeko kideek zein haiek izendatutako adituek osatuko dute. Udalak azpimarratu nahi izan du saritutako lanaren jabea Zestoako Udala izango dela, eta horrek argitaratzeko eskubidea izango duela. Kasu horretan, egileak ez diezaioke Udalari aparteko ordainik eska. Bestalde, oinarrietan jasotzen ez diren edozein gorabeheren aurrean, epaimahaiak izango du erabaki ahalmena.