Bukatu dira Arroabeko karmenak. Jardueraz betetako asteburua izan dute auzoan, eta jaietako azken eguna, atzokoa, ez zen gutxiagorako izan. Goiz partean gaupaseroek eta goiztiarrek karrozarekin baserriz baserri uurteroko ibilbidea egin eta gero, herri kirolak egin zituzten umeek.
Arratsaldean, berriz, herri kirol erakustaldiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek, baina kirolari ezagunen eskutik: Udane Ostolaza, Karmele Gisasola, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain harri jasotzaileek eta Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. aizkolariek parte hartu zuten erakustaldian, Joxe Angel Sarasola esatari lanetan zela. Herri kirolen ondoren, Izerrek eta Alabierrek soinu eta pandero doinuekin girotu zituzten jaien azken orduak. Eta gauerdian, Karmentxuren agurrarekin, bukatutzat eman zituzten aurtengo karmenak.