Atzo egin zuten, azkenean, Eguzki Xuri izeneko kontzertua Sastarraingo harrobian. Eguraldia tarteko, hainbatetan atzeratu behar izan zuten kontzertua haren antolatzaileek, baina atzo eguraldiak errespetatu egin zuen ekitaldia, eta askotariko doinuez gozatu ahal izan zuten ikus-entzuleek.
Juantxo Zeberiok sortutako musikari Maddi Oihenartek, Miren Narbaizak eta Olaia Intziartek jarri zioten ahotsa. Gainera, Hari laukotea eta Hernaniko Dakapo abesbatza ere izan ziren agertokian.
World Weather Network klima larrialdiari ahotsa jartzen dion arte agentzia independenteen sareak Artingeniumen bitartez antolatutako kontzertua izan zen atzokoa. ETBk grabatu egin zuten emanaldia, eta Oholtzan saioan eskainiko du aurrerago –data ez dute zehaztu oraingoz–.