Festa betean jarraitzen dute Arroabean

Mailo Oiarzabal 2023ko uztailaren 15a

Atzo egunez umeek eta gauez gazteek eta helduek gozatua hartu ondoren, gaur kuadrillen paella lehiaketarekin eta bazkariarekin hasi dute eguna.

Karmenetan murgilduta jarraitzen dute Arroabean. Herengun hasi ziren jaiak ospatzen, eta hirugarren jardunaldira iritsita, festa betean jarraitzen dute.

Atzo egunez umeek eta gauez gazteek eta helduek hartu zuten gozatua. Jolasak, bazkaria, puzgarriak eta beroari aurre egiteko ur asko izan zituzten haurrek atzo, jolasetan zein kalez kale eskean ibiliz etxeetatik bota zietena. Gauean, berriz, gazteek eta helduek hartu zuten txanda festan, herri afariarekin eta ondorengo musika gaualdiarekin

Gaur kuadrillen paella lehiaketarekin eta bazkariarekin hasi dute eguna. Gutxinaka joan dira agertzen sukaldariak goiz-eguerdian frontoira paellak prestatzeko, eta ehun lagun elkartu dira ondoren bazkaltzeko. Arratsaldean, Hamarru elektrotxarangak jarriko du musika 18:00etatik aurrera. Eta gauean eta goizaldera arte, musika gehiago plazan, Manitu, Gora Etorri eta Bull DJarekin.

Bihar izango dute azken eguna aurtengo Karmen jaiek, egitarau honekin:

  • 07:00. Karroza.
  • 12:30. Meza.
  • 12:30. Umeentzako herri kirolak.
  • 17:30. Herri kirolak. Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza, Karmele Gisasola, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Esataria: Joxe Angel Sarasola.
  • 19:00. Izer eta Alabier.
  • 00:00. Karmentxuren agurra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide