Uztaileko azken larunbatean, hilaren 29an, Irulegiko Esku ezaguna aurkitu duten Arangurengo (Nafarroa) Irulegi mendiko indusketa gunea ezagutzeko aukera izango dute zestoarrek.
Egun horretarako irteera antolatu du Zestoako Udalak Aranzadirekin elkarlanean. 09:00etan irtengo da autobusa Gurutzetik. Irulegin, Aranzadiko arkeologoekin bisita gidatua egingo dute txangoan parte hartzen dutenek. Ondoren, inguruko jatetxe batean bazkalduko dute. Indusketa gunera iristeko mendian ordubete inguruko ibilaldia egin beharra dagoela azaldu du udalak, eta horrenbestez, era horretako jarduerak egiteko "arropa egokia" eramatea gomendatu du.
Irulegira joan nahi dutenek udaletxean eman behar dute izena. Hilaren 21ean itxiko dute horretarako epea, autobusaren edukiera aurretik betetzen ez bada; zestoarrek lehentasuna izango dute. 50 euro ordaindu behar dira irteeran parte hartu ahal izateko; garraioa, bisita gidatua eta bazkaria ordainduko dituzte diru horrekin, baina horrez gain, udalak aurreratu duenez, "lortzen den etekin guztia arkeologo gazteek ikertzen eta industen jarrai dezaten" izango da.