Bertako ingurunea sorleku

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 16a

Aizarnako Naturan Jolasteko Tailerreko haurrak.

Azken urteetan udalekuak egiteko aukerarik ez dute izan Aizarnan, Zestoako Udalaren eskaintzarako talderik ez delako osatu. Aurten, hutsune horri aurre egiteko, Naturan Jolasteko Tailerra proposatu du Ahurra guraso elkarteak, eta bi astez gertuko ingurunearekin gozatzeko aukera izan dute hamahiru haurrek.

Uda sasoian askotariko eskaintzak izaten dira haurrentzako han-hemenka. Aurten, ezustean, eskaintza berri bat izan dute Aizarnan Ahurra guraso elkartearen ekimenez. Bi astez, ekainaren 26tik uztailaren 7ra artean, Naturan Jolasteko Tailerrean parte hartzeko aukera izan dute 3 urtetik 9 urtera arteko hamahiru haurrek. Bi bidelagun izan dituzte, Aizarnako bi guraso eta hezitzaile: Ane Aranburu eta Alazne Bidezabal.

Nondik nora sortu dute uda sasoiko haurrentzako tailerra Aizarnan? "Urtero Zestoako Udalak udaleku irekiak egiteko aukera eskaintzen du, baina Aizarnan bertan egiteko kopuru jakin bateko taldea osatu behar izaten da horretarako. Aurten, udalak, Gaztelekuaren bidez, eskaintzan izena emateko epea ireki zuenean, Aizarnako sei haurrek eman zuten izena. Kopuru hori Aizarnan bertan udalekua antolatzeko ez zen nahikoa, ondorioz ezin ziren antolatu. Aurreko urte batzuetan egin izan dira udalak prestatutako udalekuak, baina azkenengo urteetan ez da posible izan, taldea ez delako osatu", azaldu du Aranburuk. Hark azaldu du, haurrak udalekuetarako Zestoako herrigunera jaistea "zaila" egiten zaiela, eta zerbitzua Aizarnan bertan izatea abantaila dela.

Udalaren udalekuetarako izena emanda zeuden haurren bi-hiru guraso elkarren artean hizketan hasi, eta Aranburuk Naturan Jolasteko Tailerra proposatu zuen. Pedagogia Berdearekin lotutako graduondokoa du eginda hark, eta horretarako paperean idatzitako proiektua praktikan jartzeko aukerari heldu zion. Hala, eskaintzaren berri Aizarnako gurasoen artean zabaldu zuten. "Sei ume baino gehiago elkartzeko aukera aurreikusten genuen, hamar batek edo izena emango zutenaren itxaropena genuelako, eta azkenean, kopurua gainditu eta hamahiruk azaldu zuten parte hartzeko asmoa".

Behin taldea osatutakoan, asmoa aurrera eramateko zer egin behar zuten aztertzen hasi ziren. Zestoako Udalera jo zuten laguntza eske, eta guraso elkarteak egin beharreko izapideak egin zituen. Izan ere, Zestoako udaleku irekietako baldintza berekin eskaini nahi zuten Naturan Jolasteko Tailerra. Hala, asegurua, kontratazioak eta abar egin zituzten asmoa martxan jartzeko. "Proiektua izatea kontu bat da, baina horri bide ere eman behar zaio, bideragarria izateko. Horretarako, hein batean udalak laguntzaren zati bat eman digu".

Tailerrak egiteko gune edota eremu propioa ere izan dute, hala kontatu du Aranburuk. "Iazko azaroan Aizarnan lur eremu bat erosi nuen, eta nik egindako proiektua ere toki horretan oinarrituta dago. Toki oso polita da, aukera asko eskaintzen dituena era askotako dinamikak egiteko: bi malda handi ditu, zuhaitzak ditu eta haietan kolunpioak zintzilikatu ditugu, lore piloa hazten da bertan, eta baso txiki polit bat ere badu harkaitz handi batzuekin, ezkutatzeko eta azaltzeko". Naturan Jolasteko Tailerrekoek izena ere jarri diote elkargune eta jolasgune izan duten aire zabaleko tokiari: Gaztaintxulo. "Gaztainondo zahar-zahar eta handi bat baitu erdialdean". Eguraldiaren arabera, egun batzuetan Aizarnako beste toki batzuetan ere egin dituzte dinamikak, baina eguraldi lagun izan duten guztietan Gaztaintxulora igo dira.

Ingurunearekin bat jolasean ibiltzea izan dute oinarri Aizarnako udaleku berri honetako haurrek. "Naturan Jolasteko Tailerraren helburuetako bat ingurune hurbilarekin interakzioa lortzea izan zen, egun estimuluz betetako mundu batean bizi gara, baina gertu dugun ingurune horretatik deskonektatuta erabat. Tailerrean haurrekin egin ditugun dinamikekin hori bilatu nahi izan dugu, ingurunearekin konektatzea". Aizarnako plazan elkartu, eta elkarrekin joaten ziren Gaztaintxulora eguneko dinamikak egitera. Bertan haurrek material naturala eta manipulatzeko erraza dena izaten zuten eskura: banbuak, sokak, hondarra, ura, oihalak, loreak, haziak… "Material hori eskaintzen genien dinamika desberdinak eginez beraiek sor zezaten, eta emaitza ikusgarria izan da. Umeen jolasa sormen lan ikaragarria izan da, eta lan piloa egin dute, hala nola txabola bat egin dute, babesgune bat, lore sortak egin dituzte, pultserak, koilareak, arkuak, batek objektu hegalari bat egin zuen banbuekin eta sokekin… Txindurri lana egin dute tailerrak iraun duen bi asteetan", azaldu du emaitzarekin pozik Aranburuk.

Sormen lanaz gainera, kooperazio izugarri landu dutela nabarmendu du tailerreko bidelagunak: "Lehiakortasun gutxi izan da, eta asko izan da ideiak elkarbanatzea, proposamenak egitea, batak besteari laguntzea, negoziazio lana… Gauza asko erabat beraien ekimenak izan dira. Gure lana eginkizun konplexuetan laguntzea izan da, zerbait ezin zutenean moztu...".

Udalekuetan ohikoak izaten diren ekintzak ere ez dituzte falta izan Aizarnako tailerrean: ur jolasak edo altxorraren bila, esaterako. Dena den, jolas horiei "beren ukitua" eman diete. "Altxorraren bila Aizarnako plazatik Gaztaintxulora artean egin genuen, eta pista gisa erabilitako elementuak inguruarekin lotutakoak izan ziren, ingurunea behatzera bultzatzen zutenak, beren arteko elkarrizketa eta elkarlana bultzatuz".

Ingurunearekin eta naturarekin lotuta pasatu dituzte Aizarnako haurrek bi aste, baina inklusioa ere ardatz izan dute egindako dinamiketan. "Taldeko haur batek mugikortasuna oso mugatua dau, eta haren beharrak kontuan hartuta eta asetzeko egin ditugu dinamika guztiak. Alde horretatik guretzat erronka izan da, eta gainditu dugula uste dut", azpimarratu du Aranburuk.

Aizarnan bertan haurrentzako ekintzak antolatzeko nahi eta beharrari erantzuteko antolatu zuen guraso elkarteak Naturan Jolasteko Tailerra, eta izandako emaitzarekin pozik daude. "Guretzako lan intensoa izan da, baina gogoz eta gustura egin duguna. Ingurunean jolastuz gozatu egin dute haurrek, eta ekimena dutela erakutsi dute", azpimarratu du Aranburuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide