Gaur hasiko dira Arroabean karmenak ospatzen. Aspalditxoko urteetan ohi dutenez, ostegunetik igandera, lau eguneko jai egitaraua osatu dute Arroabeko Festa Batzordeko kideek; igandean, uztailaren 16a, Karmengo Amaren egunarekin agurtuko dituzte, hain zuzen ere, festak.
Jubilatuak izaten dira Arroabean karmenak ospatzen hasten aurrenak, eta aurten ere hala egingo dute, eguerdiko meza ondoren bazkaltzeko elkartuta. Festa batzordeak, ordea, "indarra eman" nahi izan dio orain arte "indar handirik izan ez" duen jaietako lehen egunari, ostegunari. Horrela, karmenetako ikur bihurtu den Karmentxu panpinaren bueltan antolatu dute jaien kaleko hasiera ekitaldia. "Beste leku askotan ez bezala, Arroabean inoiz ez dugu txupinazorik edo halakorik izan jaiak hasteko. Lehen, ostiralean danborrada egiten zen, eta orduan igotzen zen bandera. Baina danborrada galdu zen, eta haren alternatiba gisa lekukoa hartu zuen batukada ere indarra galtzen joan zen. Jaien hasierari indarra emateko zerbait egin nahi genuen", azaldu dute festa batzordekoek.
Horrela, gaur 18:00etatik aurrera, Karmentxuren etorrera ekitaldia egingo dute. Eskola berri aldetik hasita, kalejiran ibiliko da Karmentxu, soinu jotzaileek eta buruhandiek lagunduta, jaiak hasi direla iragartzeko. Kalejira bukatutakoan, txosnan jarriko dute jaietako ikurra, eta ez, aurreko urteetan bezala, Kultur Etxean.
Sei urte beteko ditu aurten Karmentxuk karmenetan. 2018an sortu zuten Arroabean festetako ikurra; garai bateko Cementos Rezola lantegira lanera etorritako etorkinen eta Arroabeko baserritarren arteko fusioa irudikatu nahi izan zuten festetako panpin-ikurrarekin, Arroabeko "errealitate ezberdinak irudikatu" nahian.
Bertso saioa ere, gaur
Karmenen lehen eguna indartzeko ahaleginak badu beste osagai bat ere.
Iaz, igandean, festak agurtzeko elizan puntako bertsolariekin antolatu zuten saioak izan zuen harrera eta "arrakasta" ikusita, aurten toki berean antzeko saioa egitea erabaki dute festa batzordekoek, baina jaien lehen egunean. Gaur, 22:00etatik aurrera, Alaia Martin, Joanes Illarregi, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio ariko dira bertsotan Arroabeko elizan.
Bihar, umeentzako jolasak eta ekintzak –bazkaria, puzgarriak, apar festa eta txokolate jana– izango dira nagusi eguna hasteko, eta herri afaria egingo dute gauean; 80 bat lagunek eman dute izena afarirako.
Larunbata, berriz, kuadrillen eguna izango da, eta bazkariaren aurretik, goizean, kuadrillen arteko paella lehiaketa egingo dute. Arroza, oilaskoa, txorizoa, piper gorria eta berdea, tomate frijitua, tipula, baratxuria, gatza eta olioa jarriko dituzte antolatzaileek, eta parte hartzaileek emandako osagai horiek guztiak erabili beharko dituzte beren paelletan, horiez gain gehienez beste bi osagai gehituta; suak ere antolatzaileek jarriko dituzte, eta paellera, gas bonbona eta sukaldeko tresnak lehiakideek eraman beharko dituzte. Ehun lagunek eman dute izena kuadrillen bazkarirako.
Nola ez, musikak ere tarte zabala izango du Karmen jaien egitarauan: Distopia eta Hamarru elektrotxarangak, Elepunto eta Bull DJak, Manitu, Gora Etorri, Iratzar, eta Izer eta Alabier ariko dira Arroabean gaurtik igandera bitartean.
Karroza, beranduago
Karmen jaietako usadio bereziena izan ohi da karrozaren irteera, eta aurten ere ez du hutsik egingo, baina ohi baino ordubete beranduago abiatuko du bere ibilia.
Igande goizean, 07:00etan aterako dute karroza, eta jan-edanarekin, trikitilarien musikarekin eta bertsolariekin, Arroabeko baserri batetik bestera ibiliko dute, jaien azken eguneko goizean festa usaina ahalik eta txoko gehienetara eramanez. Karrozarekin batera baserriz baserri ibiltzen direnak mozorrotuta joatea da ohitura, eta aurten ere horretan ahaleginduko direla aurreratu dute festa batzordeko kideek.
Egitaraua
Hona hemen Arroabeko Festa Batzordeak aurtengo Karmen jaietarako prestatu duen egitaraua:
Gaur, osteguna
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- Bazkal ondoren, trikitilariak.
- 18:00. Herriko umeen dantza ikuskizuna.
- 19:00. Karmentxuren etorrera, herriko trikitilariekin eta buruhandiekin.
- 22:00. Bertso saioa, elizan. Bertsolariak: Alaia Martin, Joanes Illarregi, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.
Bihar, ostirala
- 11:00. Umeen jolasak.
- 13:00. Umeen bazkaria.
- 15:30. Puzgarriak.
- Ondoren, apar festa eta txokolatada.
- 18:30. Distopia elektrotxaranga.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak: Iratzar eta Elepunto DJa.
Etzi, larunbata
- 10:00. Kuadrillen arteko paella lehiaketa.
- 14:00. Kuadrillen bazkaria.
- 18:00. Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Manitu, Gora Etorri eta Bull DJa.
Uztailak 16, igandea
- 07:00. Karroza.
- 12:30. Meza.
- 12:30. Umeentzako herri kirolak.
- 17:30. Herri kirolak. Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza, Karmele Gisasola, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Esataria: Joxe Angel Sarasola.
- 19:00. Izer eta Alabier.
- 00:00. Karmentxuren agurra.