Jagoba Astiazaran: "Aspalditik dut folklore kutsua duen lan bat egiteko gogoa"

Unax Larrañaga 2023ko uztailaren 12a

Jagoba Astiazaran. (Josu Torrealday)

Jagoba Astiazaran musikariak (Zestoa, 1986) SGAEren lehen Konposizio saria irabazi du soka laukoteentzat ondutako Zotz lanari esker. 3.000 euroko saria eskuratu du txistulariak, lan berri bat gauzatzeko.

Zergatik erabaki zenuen sari horretan parte hartzea?

Lehen aldiz antolatu du SGAEk Konposizio saria, eta duela hamar urte ingurutik elkarte horretako bazkide naizenez, posta elektronikoz izan nuen lehiaketaren berri. Hasieran zalantzak izan nituen lana aurkezterakoan. Horrelako sariketetan, aurreko edizioetan saritutako lanak jarri ohi dituzte erreferentzia moduan, nolako lanak aurkeztu behar diren ikusteko, baina oraingoan ez zen aurrekaririk. Zorte kontua ere izan dela esango nuke, probatzeagatik bidalinuen lana, ez inongo esperantzarik gabe, baina bai ezjakintasunez edota itsu-itsuan. Sorpresa handia hartu nuen deitu zidatenean, esanez ni nintzela saritua. 

Zotz deituriko lana aurkeztea erabaki zenuen.

Bai. Zein obra aurkeztu erabakitzea izan zen lanik gogorrena. Obra guztiz berri bat aurkeztu behar zen, beste lanen zatirik ez zuena, eta baldintza batzuk betetzen zituena. Zalantza ugari sortu zitzaizkidan nire lanetatik gehien gustatzen zitzaidana aukeratzeko orduan. Azkenean, Zotz lana aurkeztea erabaki nuen. Graduondokoa egiterakoan konposatu nuen lan hori, eta oso gustura gelditu nintzen amaitu nuenean, gehienbat nire erosotasun eremutik atera ninduelako.

Instrumentazio aldetik, soka laukote batentzat egindako pieza da. Zergatik aukeratu zenuen formazio hori?

Normalean, formazio oso klasikoa izaten da hori konpositoreentzat, baina nire kasuan, soka laukote batentzat idazten nuen lehenengo aldia zen. Lanketa handia egin nuen soka laukote bat zer den ikasteko eta horiekin zer egin daitekeen jakiteko. Horregatik izan zen berezia. Egia da, Konposizio gradua ikasi nuenean, bigarren urtean aukera izan genuela soka laukote batentzat idazteko, baina nik saxofoi laukote batentzat idaztea erabaki nuen. Beraz, graduko ikasketak soka laukoteentzako ezer idatzi gabe amaitu nituen, eta esan bezala, arraroa da hori.

Graduondokoa egiterakoan konposatutako Zotz proiektua munduko soka laukote garrantzitsuenetariko batekin aurkezteko aukera izan nuen, Diotima laukotearekin, hain zuzen ere. Horiek oso musikari onak dira, eta beraientzat konposatzerakoan, hori kontuan hartu beharra izan nuen. Horrek ere lagundu du lanaren ibilbidea eraikitzerakoan.

Lan berri bat sortzeko erabili beharko duzu eskuratu duzun 3.000 euroko saria, eta 2024ko Kuraia musika garaikidearen XXX. jardunaldietan aurkeztuko duzu obra. Zer esan nahi du zuretzat lan bat horrelako ekitaldi batean aurkezteak?

Plazera da, gehienbat Kuraiako musikariak ezagutzen ditudalako. Horietako batzuk nirekin batera ikasitakoak dira, eta beste batzuekin lan egiteko aukera izan dut. Saria jaso nuenean egin nuen lehenengo gauza beraiei idaztea izan zen, berriro ere elkarrekin lan egitea tokatu zitzaigula esanez. Beraz, bai alde musikalari dagokionez, bai arlo pertsonalari dagokionez, asko erraztuko du horrek beraiekin talde lanean aritzea.

Ba al duzu lan berriaren aurrerapenik ematerik?

Egia esan, gaur [atzo] jaso dut kontratua, eta orain gutxi irakurri dut zer konposatu behar dudan eta zer baldintza ditudan. Abenduaren 1erako entregatu behar dut obra; beraz, badut hurrengo hilabeteetarako zeregina. Aspalditik dut folklore kutsua duen lan bat egiteko gogoa. Txistu ikasketak egin nituen nik, eta beti saihestu izan dut musika garaikidea idazterakoan folklorearekin erlazionatzea, ebidenteegia delako txistulari baten lanek folklore ukitua izatea. Zotz lanari folklore kutsu bat eman diot eta saritua izan da, beraz, badut gogoa hari horretatik tiraka jarraitzeko. Hala eta guztiz ere, oraindik ez naiz hasi lanean, beraz, hori da aurrera dezakedan gauza bakarra.

Txistua jotzeko nahiz musika konposatzeko lanak egin dituzu. Bietako zein zarela esango zenuke? Konposatzailea ala txistularia?

Oso galdera zaila da. Bietako bat aukeratzeko esan didatenetan, beti erantzun izan dut musikaria hitzarekin definituko nukeela nire burua, kontzeptu guztiak barne hartzen dituen terminoa delako. Egia da gradua ikasten hasi nintzenetik sormenean asko sakondu dudala eta azkenaldian interpretazioaz asko gozatzen ari naizela. Seguruenik, bietariko batean bakarrik zentratuko banintz, aspertu egingo nintzateke. Normalean batetik gehiago egiten dudanean bestea egin nahi izaten dut, eta alderantziz.

Momentu honetan Konposizioko gradua amaitu eta Konposizioko graduondokoa egin berritan nago, beraz, sortzeari dagokionez, pixka bat aseta nago. Beraz, horretan nabil, batetik bestera saltoka. Seguruenik, musika jotzen soilik pasatuko banitu lau urte, berriro ere sortzeko gogoa izango nuke.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide