Ibilbidearen parte direnei eskerrak emanez ospatu du Biolurrek 30. urteurrena

Ihintza Elustondo 2023ko uztailaren 9a

Nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak 30. urteurrena ospatzeko ekintzak gauzatu ditu gaur Iraetan. Eguerdian egin dute ekitaldi nagusia, Biolurren ibilbidearen errepasoa egiteko eta urteotan lanean aritu diren guztiei eskerrak emateko. "Sarea gehiago sendotu behar dugu, bide honetan aurrera jarraitu", adierazi dute. 

Biolur nekazaritza ekologikoaren aldeko elkarteak 30 urte bete ditu, eta urtemuga hori ospatzeko ekitaldiak egin dituzte gaur, igandez, Zestoako Iraetan. Hain zuzen ere, bazkideei zuzendutako batzar nagusia egin dute 10:30ean, eta ondoren, Amillubi Txikira bisita. 14:00etan izan da eguneko hitzordu nagusia: ekitaldia egin dute Iraetako pilotalekuan, Biolurren ibilbidearen errepasoa egiteko eta urteotan lanean aritu diren guztiei eskerrak emateko. Ondoren, bazkaria egin dute frontoian bertan, eta amaitzeko, Monsanto Kilombo taldearen kontzertua izan da.

Euskal Herrian zehar elikadura burujabetzaren alde lan egiten dutenak nahiz nekazaritza ekologikoan aritzen direnak gonbidatu dituzte gaurko ekitaldira. Sareko kide denei eskerrak emanez hasi dute saioa. "Pozik" agertu dira ekitaldia gidatu duten aurkezleak, gaurkoa "ospakizun eguna" delako eta "jende asko" bertaratu delako hitzordura. "Duela 30 urte, talde bat sareak josten hasi zen, elkartzen, beren kezkak, ideiak, tentsioak eta ekimenak partekatzen. Garai hartan Herbehereetara egindako bidaia inspirazio iturri bilakatuz, etorkizuna eredu ekologikoarekin amesten hasi ziren, eta amets hura errealitate bihurtzen, esfortzuz eta zalantzaz beteta. Baina josten ari ziren sare horretan sinetsita, elkarrekin egin zuten aurrera. Eta hain zuzen, elkarren babesa zutelako eta talde bezala lan egiteko asmoarekin sortu zuten Biolur 1993an, uztailaren 17an", adierazi dute.

Duela 30 urte josten hasitako sare horrek "kide asko eta asko" bildu dituela nabarmendu dute. "Eta sareak josten jarraitu du, 30 urte betetzera iritsi arte. Nekazariak, abeltzainak, okinak, sektoreko eragileak, teknikariak, eta nola ez, hainbat herriko eragile eta herritar kontsumitzaileak... Horiek denek osatzen dute sarea, eta denak dira beharrezkoak. Oroitzeko, eskertzeko, ospatzeko eta aurrera begira jartzeko eguna da gaurkoa", esan dute.

Aurkezleen hitzartzearen ostean, Biolurren ibilbidea islatzen duen bideo bat proiektatu dute. Jarraian, Biolurren ibilbidean esanguratsua izan den ordezkaritza bat igo da oholtzara. Antolatzaileek haietako bakoitzari adierazgarria den elementu bat ekartzeko eskatu diete, eta haietako bakoitzak Biolurri buruz hitz egiteko baliatu du elementu sinbolikoa. Zubi lanaz aritu dira batzuk, babesaz besteak, zaintzaz, sareaz...

Sarea sendotzen jarraitzeko prest

Hasiera zailak izan zirela nabarmendu dute Biolurreko kideek, eta gaur egun ere "haizea alde ez" duten arren, elikadura burujabetzaren alde lan egiteko erremintak badituztela adierazi dute. "Sarea gehiago sendotu behar dugu, bide honetan aurrera jarraitu". Arabako Bionekazaritza elkarteko ordezkari batek ere hartu du hitza, eta Zestoako alkate Mikel Arregik ere hitz egin du. "Bertako elikadura sistema suntsitu dugu, eta bizitzak etorkizuna izan behar baldin badu, atzera egin behar da ezinbestean", esan du hark. Segidan, zorionak eman dizkio Biolurri egiten duen lanagatik, eta Zestoako Udala beren jardunean "bidealgun" izango dutela azpimarratu du.

Ekitaldia amaitzeko, bertso batzuk abestu dituzte han bildutakoek elkarrekin, elikadura burujabetzaren bidean elkarrekin lan egiteko prest daudela adieraziz, eztarri doinuak lau haizetara zabalduz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide