Anerrek eta Adonisek irabazi dute Txokoko Pilota Txapelketaren finala

Ihintza Elustondo 2023ko uztailaren 7a

Aner eta Adonis nagusitasunez gailendu zaizkie Mikeli eta Oierri; 30 eta 15 amaitu da neurketa. Xabat eta Mattin sailkatu dira hirugarren, eta Aitzolentzat eta Iñigorentzat izan da laugarren postua.

Bero izugarriarekin jokatu dituzte gaur arratsaldean Zestoako Txokoko Pilota Txapelketaren finalak. Lehenik, hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko neurketa jokatu dute Xabat-Mattin eta Aitzol-Iñigo bikoteek, eta Xabat eta Mattin izan dira nagusi. Hain zuzen ere, 30 eta 11 amaitu da neurketa. Segidan, final handia jokatu dute Mikel-Oier eta Aner-Adonis bikoteek, eta Aner eta Adonis nagusitasunez gailendu dira; markagailuak 30-15 adierazten zuela amaitu da partida. Beraz, horientzat izan da aurtengo txapela.

Neurketak amaitu ostean hasi dute sari banaketa ekitaldia. Lehenik, aste honetako errifa zozkatu dute, eta unean bertan jaso du garaileak otarrea. Ondoren, garaikurrak, txapelak eta Laiaken oparia banatu dizkiete txapelketaren irabazleei, eta amaitzeko, finalistek eta Abantzu pilota klubeko kideek argazkia atera dute.

Maiatzaren hondarrean hasi zuten aurtengo Zestoako Txokoko Pilota Txapelketa. Guztira, hamalau bikotek parte hartu dute aurtengo lehian, bi multzotan banatuta. Ohi bezala, giro ederra sortu da aurtengoan ere pilota partiden bueltan, eta gaurkoan ere, jende ugari bertaratu da finalak bertatik bertara ikustera. Bero eginagatik, beraz, ez da falta izan publikoaren berotasunik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide