"Sekulako harrera jasota" eta "ekarpen interesgarriak bilduta" bukatu dute Zestoako Antzerki Astea

Nerea Uranga 2023ko uztailaren 5a

XI. Zestoako Antzerki Astea. (Jon Artano Izeta)

Zestoako Antzerki Asteak 11. edizioa bete du aurten. Bost antzerki saio, hizketaldia eta maskara erakusketa egin dituzte. 600 ikus-entzule inguru zenbatu ditu astea antolatu duen Eromen Arte Eszenikoen Eskolak, eta beste behin "arte eszenikoetarako toki duin baten beharra" aldarrikatu du.

11 urte bete ditu aurten Zestoako Antzerki Asteak, eta ekainaren 26tik uztailaren 1era egin zituzten astearen barruko ekintzak, Eromen Arte Eszenikoen Eskolak antolatuta. Lau antzezlan aurkeztu zituzten, tartean, Eromen Produkzioaken Higa (edo nola egin traizio tradizioari) antzezlanaren bi emanaldi egin zituzten, eta Zestoako Antzerki Eskolako haurrek eta gaztetxoek Ongi etorri festara! ikuskizuna aurkeztu zuten. Bi obra horiez gainera, Artedramak Hondamendia lana aurkeztu zuen eta Mar-Mar antzerki taldeak Tarzan. Urtero bezala, "sentsazio oso onekin" bukatu dute antolatzaileek Antzerki Astea, "jendearen erantzuna sekulakoa" izan delako, eta egindako lanarekin "oso pozik" daudelako.

Caravan Park atarian. (Jon Artano Izeta)

Antzerki emanaldiez gain, Kultura eta herria hizketaldia egin zuten ekainaren 28an; eta antzerki eskolako ikasleek egindako maskarak erakutsi zituzten ekainaren 29an. 30 bat pertsonak parte hartu zuten Kultura eta herria izenburuko solasaldian. Antolatzaileek azaldu dute solasaldi horrekin "hausnarketa kolektiboa" egitea proposatu nahi izan zutela, eta bertaratu ziren herriko zein inguruko pertsonek eta kultur eragileek "oso ekarpen interesgarriak" egin zituztela:"Arte eszenikoetarako eta sorkuntzarako espazio multidiziplinarra, zinema aretoa, zineforuma, ikastaroak eta tailerrak.... Era berean, urte osoan oinarrizko kultur zerbitzua eta eskaintza egonkortzeko beharra agerian geratu da". 

Caravan Parken egin dituzte antzezlanak. (Jon Artano Izeta)

Iaz bezala, aurten ere, Zestoako industrialdeko Caravan Park eraikina izan da Zestoako Antzerki Astearen kokaleku nagusia. Antolatzaileek egindako kontuen arabera, ia 600 ikus-entzule joan ziren Antzerki Asteko saioetara. Pertsona askok ezin izan zuten saioetara joan, Caravan Parkeko edukiera mugatua delako. "Hori da datozen urteetan lortu nahi dugun erronketako bat, arte eszenikoetan eta, bereziki, Zestoako Antzerki Astera etorri nahi duten guztientzako toki duin bat izatea", aldarrikatu dute beste behin antolatzaileek kultur espazio duin bat. 

Zestoako Antzerki Asteko une bat. (Jon Artano Izeta)

Behin XI. Antzerki Astea igarota, atsedena hartuko du Eromen Arte Eszenikoen Eskolak, eta irailerako ikasturte berrirako prestaketekin hasiko da. Orduan zabalduko dute Interpretazio Eskolan izena emateko epea, eta urriaren hasieran helduen zein haur eta gaztetxoen asteroko antzerki saioekin hasiko dira.

XI. Zestoako Antzerki Astea. (Jon Artano Izeta)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide