Iraetan egindako "legez kanpoko hondakin isurketak" salatu ditu Eguzki erakunde ekologistak

Andoni Elduaien 2023ko ekainaren 30a

Iraeta auzoko elizatik 100 metro eskasera egindako isurketak. (Eguzki)

Erakunde ekologistak gogor salatu ditu "ingurumenaren aurkako legez kanpoko erasoak". Erakundeak gogorarazi du Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak berariaz debekatzen dituela halako ekintzak. Degradatutako eremuak "ahalik eta azkarren lehengoratzeko" eta gune horiek "kontrolatzeko" eskatu du Eguzkik.

Eguzki erakunde ekologistak Zestoako Iraeta auzoan egindako "legez kanpoko hondakin isurketak" salatu ditu. Ohar bidez adierazi duenez, isurketetako bat auzoko elizatik 100 bat metrora aurkitu dute, zehazki, Arrogoia eta Ibañarrieta auzoetara doan errepidearen eskuinaldean. Beste isurketa, berriz, elizatik abiatu, Urola ibaiaren ondoko baratzeak nahiz negutegiak atzean utzi eta 900 metrora Aizarnazabal aldera doan hartxintxarrezko pista baten ondoan aurkitu du Eguzkik.

Lehen eremuan isuritako hondakinen artean daude, besteak beste, obra-hondakinak, altzari zatiak, fardelak lotzeko sokak, plastikoak, etxeko hondakinak, pneumatikoak, nekazaritzarako plastiko beltzak eta Big Bags deiturikoak paketatzeko zaku zuriak. Azken hondakin horietako batzuk, gainera, errekatik jaso dituztela nabarmendu du erakunde ekologistak. "Legez kanpoko isurketak" aurkitu dituzten bigarren eremuan, berriz, nekazaritza erabilerarako plastiko beltzak eta autoetarako pneumatiko gurpilak aurkitu dituzte gehienbat. Hondakin horietan artean zeuden auto baten bateria, garraiorako orga baten gurpilak, ur kontagailu kaxa bat, fardelak lotzeko sokak eta toldo bat.

Aizarnazabal aldera doan hartxintxarrezko pista baten ondoan aurkitu Eguzkik aurkitutako hondakinak. (Eguzki)

"Lurzorua kutsatuz hondakinak kontrolik gabe isurtzea gutxi ez balitz, gaineratu behar dugu plastiko beltz gutxi batzuk, ur kontagailuaren kaxa eta toldo zati bat kenduta, gainerako hondakinak lur azpian zeudela. Hori ez da guztia; izan ere, eremu hori errekasto baten zortasun eremua da". Eguzkik nabarmendu du "oraindik ere plastiko eta gurpil batzuk lurpean" daudela, nahiz eta horiek ateratzeko "ahaleginak" egin dituzten.

"Ingurumenaren aurkako erasoak"

Erakunde ekologistak gogor salatu ditu "ingurumenaren aurkako legez kanpoko erasoak". Aldi berean, horrelako gertaerak "publikoki eta erakundeen aurrean salatzera" animatu dituzte herritarrak. Gainera, erakundeak gogorarazi du Ekonomia Zirkularrerako Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko Legeak berariaz debekatzen duela "edozein motatako hondakinak kontrolik gabe uztea, isurtzea edo ezabatzea". Are gehiago, Eguzkik azpimarratu du horrelako ekintzak 2.001 eurotik 100.000 eurora arteko isunekin zigortu daitezkeela. Halaber, isuritako hondakinak arriskutsuak izanez gero edo lurzoruak kutsatzen badira, isuna 20.001 eurotik 600.000 eurora igotzen dela jakinarazi du.

Eguzkik isurketen berri eman die Zestoako Udaleko Ingurumen Sailari eta Uraren Euskal Agentziari (Ura). Batetik, degradatutako eremuak "ahalik eta azkarren lehengoratzeko" eskatu du erakunde ekologistak, "hondakinek hondakinei deitzen dietelako". Bestetik, gune horiek "kontrolatzeko" eskatu du Eguzkik, bestela "isurketak berriro" gerta daitezkeela uste baitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide