Uztailean, abuztuan eta irailean Zestoako herrigune historikoko kaleak ibilgailuentzat itxita egongo direla jakinarazi du Zestoako Udalak. Erabaki horren helburuak "kaleetan oinezkoek lehentasuna" izatea, herrigune historikoa "biziberritzea" eta "haurren segurtasuna bermatzea" dira, erakundearen arabera. Beraz, bihartik, uztailaren 1etik, irailaren 30era artean izango dira ibilgailuentzat Alde Zaharreko kaleak itxita.
Hala ere, zamalanetarako, oinarrizko beharretarako eta larrialdietarako ibilgailuentzat kale horiek ireki egingo dituzte. Hau da, astegunetan 08:00etatik 12:00etara zamalanetarako zabalik izango dira kaleak, eta eguerditik aurrera itxi egingo dituzte.
Zestoako herrigune historikoan bizi eta menpekotasuna duten pertsonei, kaleko piboteak ireki ahal izateko giltza emango die udalak, "larrialdi kasuren bat balego ibilgailuz ere sarbidea izan dezaten". Bestelako osasun zein larrialdi zerbitzuetarako ere kaleak irekiko dituztela azaldu du udalak.