Hilabete erdi eskas barru hasiko dira aurtengo Karmen jaiak Arroabean, eta festetarako prestatu duen egitarauaren berri eman du Arroabeko Festa Batzordeak.
Uztailaren 13tik 16ra, ostegunetik igandera, ospatuko dituzte festak aurten, eta adin guztietako herritarrei zuzendutako egitarau betea prestatu dute lau egunetarako. Jubilatuen bazkaria, Karmentxuren etorrera eta bertso saioa izango dituzte, besteak beste, karmenetako lehen egunean. Ostiralean, umeentzako jolasak eta ekintzak izango dira nagusi eguna hasteko, eta herri afaria ospatuko dute gauean. Hain zuzen ere, afari horretarako txartelak Txara dendan eros daitezke, 16 euroren truke; menu begetarianoa ere aukeran jarri dute antolatzaileek, beti ere gutxienez hamar lagunek hautatzen badute.
Larunbata, berriz, kuadrillen eguna izango da, eta bazkariaren aurretik, kuadrillen arteko paella lehiaketa egingo dute goizean. Arroza, oilaskoa, txorizoa, piper gorria eta berdea, tomate frijitua, tipula, baratxuria, gatza eta olioa jarriko dituzte antolatzaileek, eta parte hartzaileek emandako osagai guzti horiek erabili beharko dituzte beren paelletan, horiez gain gehienez beste bi osagai gehituta; suak ere antolatzaileek jarriko dituzte, eta paellera, gas bonbona eta sukaldeko tresnak lehiakideek eraman beharko dituzte. Herri afarirako txartelak erosteko bezala, paella lehiaketan izena emateko ere Txara dendara jo behar da; txartelak erosteko zein lehiaketan izena emateko, uztailaren 8ra arteko epea dute arroarrek.
Igandean, goizean goiz aterako duten karroza eta gero, eguerditik aurrera herri kirolak izango dira nagusi; gauerdian Karmentxu agurtuta bukatuko dituzte jaiak. Eta, nola ez, musikak ere tarte zabala izango du egitarauan: Distopia eta Hamarru elektrotxarangak, Elepunto eta Bull DJak, Manitu, Gora Etorri, Iratzar, eta Izer eta Alabier ariko dira karmenetan Arroabean.
Egitaraua
Hona hemen Arroabeko Festa Batzordeak aurtengo Karmen jaietarako prestatu duen egitaraua:
Uztailak 13, osteguna
- 12:00. Meza.
- 14:00. Jubilatuen bazkaria.
- Bazkal ondoren, trikitilariak.
- 18:00. Herriko umeen dantza ikuskizuna.
- 19:00. Karmentxuren etorrera, herriko trikitilariekin eta buruhandiekin.
- 22:00. Bertso saioa, elizan. Bertsolariak: Alaia Martin, Joanes Illarregi, Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbio.
Uztailak 14, ostirala
- 11:00. Umeen jolasak.
- 13:00. Umeen bazkaria.
- 15:30. Puzgarriak.
- Ondoren, apar festa eta txokolatada.
- 18:30. Distopia elektrotxaranga.
- 21:00. Herri afaria.
- 23:00. Kontzertuak: Iratzar eta Elepunto DJa.
Uztailak 15, larunbata
- 10:00. Kuadrillen arteko paella lehiaketa.
- 14:00. Kuadrillen bazkaria.
- 18:00. Hamarru elektrotxaranga.
- 23:00. Kontzertuak: Manitu, Gora Etorri eta Bull DJa.
Uztailak 16, igandea
- 07:00. Karroza.
- 12:30. Meza.
- 12:30. Umeentzako herri kirolak.
- 17:30. Herri kirolak. Harri jasotzaileak: Udane Ostolaza, Karmele Gisasola, Jokin Eizmendi eta Imanol Royo Lartain. Aizkolariak: Mikel Larrañaga eta Julen Alberdi Txikia IV.a. Esataria: Joxe Angel Sarasola.
- 19:00. Izer eta Alabier.
- 00:00. Karmentxuren agurra.