Eguzki Txuri kontzertuaren antolatzaile Artingenium ekoizleak jakinarazi duenez, ostegunean, hilaren 29an, Sastarraingo harrobian eskaintzekoak ziren emanaldia atzeratu egin behar izan dute beste behin, eguraldi iragarpenaren ondorioz, eta antolatzaileak datozen egunetan elkartuko dira data berri bat zehazteko asmoz.
Dagoeneko bi aldiz atzeratu behar izan dute Eguzki Txuri kontzertua Zestoan, bietan eguraldia dela-eta. Izan ere, hasiera batean ekainaren 18an ziren egitekoa, baina orduan hilaren 29ra atzeratu zuten udako solstizioaren etorrera ospatzeko saioa.
World Weather Network klima larrialdiari ahotsa jartzen dion arte agentzia independenteen sareak antolatutako emanaldia da Zestoakoa, Artingeniumen bitartez. Juantxo Zeberio musikariak sortutako bidaia musikala aurkezten dute bertan, eta emanaldian parte hartzen dute Maddi Oihenart, Miren Narbaiza eta Olaia Intziarte abeslariek; hari laukoteak, harpak eta musikari laukoteak, eta Tolosako Laskabesbatzak, Tolosako Abesbatza Gazteak (TAG) zein Harrobia Dantza Bertikala konpainiak.