Iaz egin zuten aurreneko aldiz Euskara Jalgi Hadi Plazara futbol txapelketa, Hamabi FK-k antolatuta. Aurten, kirola euskaraz egitearen aldeko txapelketa beste behin antolatu dute, eta Zestoa FTk jokatuko du, Gipuzkoako ordezkari gisa. Bihar, larunbata, jokatuko dute txapelketa Lezaman, Athletic Klubaren instalazioetan. Zestoa futbol taldeaz gainera, Hamabi FK-k (Bizkaia), Union Tuterak (Nafarroa) eta Arranoak-ek (Ipar Euskal Herria) parte hartuko dute.
Euskararen aldeko kirol ekimena da biharko futbol txapelketa, eta honako adierazpena egin dute parte hartuko duten lau futbol klubetako zuzendaritzek: "Lau klubak Euskal Herriko txoko desberdinetakoak izan arren, helburu bera jarraitzen dugu: Euskal Herriko gazteek bere egunerokotasunean kirola euskaraz egiteko aukera izatea, era horretan ikastea eta euskaldun egiten gaituen elementu honekin gozatzea".
Zestoa futbol klubeko gizonen senior mailako taldeko jokalariak eta jubenil mailako taldean aritu direnak jokatuko dute bihar Euskara Jalgi Hadi Plazara Futbol Txapelketa. "Hamabi FK da txapelketaren antolatzailea, eta haien aldetik txapelketa jokatzeko gonbidapena jaso genuen. Gizonen talde nagusiko jokalari batzuek dagoeneko beste plan batzuk eginda zituzten txapelketaren egunerako, eta taldea osatzeko azken denboraldian jubenilen taldean jokatu duten batzuk ere joango dira. Zestoa FT-tik hogei bat laguneko taldea joango da bihar Lezamara", azaldu du Joseba Regil Zestoa FT-ko kideak.
Gogoz eta gustura
Hamabi FK-k antolatzen du txapelketa, eta klub horren filosofiarekin Zestoa FT-k ere bat egiten duela adierazi du Regilek: "Haiek bultzatzen dutena egunerokoan kirolean dena euskaraz egitea da: entrenamenduak, partidak, futbolerako behar diren gestio guztiak... Iaz antolatu zuten aurreneko aldiz lagunarteko futbol txapelketa, eta Gipuzkoa ordezkatuz Aretxabaletako futbol taldea joan zen. Aurten, ordea, Zestoan futbol entrenatzaile aritzen zen bat ezagutzen zutela, guri helarazi digute txapelketa jokatzeko gonbidapena".
Euskara Jalgi Hadi Plazara Futbol Txapelketa jokatzeko gonbidapena Zestoako futbol elkartean "gustura" jaso zuten, eta gogoz joango dira bihar Lezamara: "Zestoa bezalako talde batentzako Lezaman, Athleticen instalazioetan, jokatzea ez da nolanahikoa. Horrez gainera, euskararen aldeko ekimen bat da, futbolean eta festa giroan egiten dena. Beraz, euskara bultzatzeko gure alea jartzeko asmoarekin joango gara txapelketa. Ondo pasatzera".
