Zestoako Udalak deituta, auzo batzarra egingo dute datorren asteartean, ekainaren 27an, Aizarnako herri elkartean, Eusko Jaurlaritzaren Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala eta arlo horren gainean udalak duen ikuspegia auzotarrei azaltzeko. Mikel Arregi alkateak eta Iñaki Odriozola zinegotziak parte hartuko dute batzarrean, 19:00etan hasita. Izan ere, Statkraft enpresak Piaspe izeneko zentral eolikoa egiteko asmoa du Sañoa mendian, Azpeitiko, Zestoako eta Errezilgo lurretan.
Jaurlaritzak joan zen maiatzean eman zion hasierako onespena Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialari (LPS).