'Mauriziak ez du inor hil', atsoei gorazarre egiteko ikuskizuna

Ane Olaizola 2023ko ekainaren 20a

Aristi, Osinaga eta Exposito, atzo. (Ane Olaizola)

Zestoako Udalak antolatuta, Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna eskainiko dute haren sortzaile Lorea Argaratek eta Ines Osinagak San Joan bezperan, Aizpea Aristi zestoarrarekin eta Uxue Alberdi Getariako bizilagunarekin batera. San Joan sua azken txingarrak ematen hasten denean, bizitzari abestuko diote, Maurizia Aldeiturriagaren kopletatik abiatuz.

San Joan bezperan, Zestoako plazan egiten duten ohiko su piztearekin batera, izango da zertaz gozaturik herrian. Izan ere, hango udalak antolatuta, Mauriziak ez du inor hil ikuskizuna eskainiko dute izen bereko kolektiboko kide diren Lorea Argaratek eta Ines Osinagak, Laranjadi plazan, sua azken txingarrak ematen hasten denean. Gainera, Aizpea Aristi musikari zestoarra saioko gonbidatua izango da, eta beraz, hark ikuskizunaren sortzaileekin partekatuko du oholtza.

Jone Exposito Zestoako Udaleko zinegotziak eta Osinaga zein Aristi musikariek eman zituzten ikuskizunaren inguruko azalpenak, atzo, udaletxean egindako agerraldian. Udal ordezkariak azaldu zuen hilabeteak direla emakumeei oholtzan ikusgarritasuna emateko lanketa abiatu zutela, eta horren barruan prestatu dute saioa. "Une honetan, kulturan ari gara lekua egiten, baina arlo askotan dagoen hutsunea da emakumearen ikusgarritasun falta".

Hain zuzen, plazandreei gorazarre egiteko asmoz sortutako egitasmoa da Maurizia Aldeiturriagari omen egiten diona. Haren kopletatik abiatuz, euskal folklore digitalean eta formatu berrietan oinarritutako zuzeneko ikuskaria da Mauriziak ez du inor hil, eta "kopla zaharrak ezagutzeko, orduko istorioak gugana ekartzeko eta doinu tradizionalei gaur egungo eszenan espazio bat eskaintzeko" tartea ematen du lanak.

Osinagaren arabera, plazan ekintzak egiten dituen kolektiboa da Mauriziak ez du inor hil, musika talde bat izatetik haratago. "Oso ekintza gutxi egiten ditugu, eta emanaldia tokian tokira eta unean unera begira sortzen dugu". Saio guztiek Maurizia anfitrioia delako figura izaten dute, eta Zestoako emanaldian Uxue Alberdik hartuko du rol hori. Hark hainbat testu sortuko ditu propio Zestoarako, eta jendaurrean taularatuko du sorkuntza. "Uxuerekin batera sortu ditugu ostiralean kontatuko ditugun koplak, testuak eta narratiba hori guztia".

Aristirekin oholtza partekatzea, berriz, "plazera" da Osinagarentzat, ikuskizuna tokian tokira egokitzeko "bidelagunik onena" delako hura. Aristik ere azpimarratu zuen "ohorea" dela ikuskizun horretan parte hartzea. Emanaldia "oso berezia" izango da zestoarrarentzat, besteak beste, berak sortutako abestiak taularatuko dituelako aurreneko aldiz musikariak. "Kontzertu xumea izango da, eta oholtzan izango gara ni eta gitarra. Inesek esan duen moduan, emakume gehiago behar ditugu oholtzetan, erreferenteak behar ditugu, eta gu saiatuko gara herritarrek ikus dezaten posible dela emakumeek eremu publikoak hartzea".

Oholtza gainetik suari eta bizitzari abestuko diote ostiralean, eta "atsoei gorazarre" egingo diete. "Gonbidatuta zaudete haur, gazte eta zahar. Batez ere atsoak ongietorriak izango dira saiora, beraiekin batera bizitza ospatu nahi dugulako". Euria egingo balu, ordea, ikuskizuna egunez aldatuko luketela azaldu dute antolatzaileek.

Sentsibilizazio saioa, herriko musikariekin

Mauriziak ez du inor hil kolektiboaren lana, ordea, ez da ostiraleko saiora mugatuko. Izan ere, uda igaro ondoren, emakume musikarien inguruko sentsibilizazio saio bat egingo du taldeak, herriko musika elkartearekin elkarlanean. "Argi dago musika maskulinizatutako arte diziplina dela, espazio publikoa gizonek hartuta dutela. Iruditzen zaigu garrantzitsua dela elkarrekin hitz egitea eta lantzea zeintzuk diren plazako genero arrakalak, ajeak, zailtasunak eta epaiak. Iruditzen zaigu denok merezi dugula plaza bizigarri, jasangarri eta berdinzale bat". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide