Lehen eta bigarren urteko kadete mailako txirrindulariei zuzendutako Zestoako X. Gurutzeaga Saria jokatu zuten atzo, larunbata. Berrikuntza nagusi bat izan du aurten Arroako probak, lehen aldiz neskek ere parte hartu dutelako lasterketan.
Guztira, 105 txirrindularik parte hartu zuten proban, eta horietatik bederatzi izan ziren neskak. Bederatzi nesken artean, zazpi Iraetakoak, Zestoakoak eta Arroakoak izan ziren, eta beste biak zumaiarrak. Lasterketari bederatzi txirrindularik ekin bazioten ere, zazpik amaitu zuten ibilbidea. Maier Olano izan zen helmugara iristen aurrena, Irati Aranguren bigarrena eta Izaro Etxarri hirugarrena. Mutiletan, berriz, Eñaut Urkaregi izan zen garailea, Urko Nazabalentzat izan zen bigarren postua, eta Danel Beristainentzat hirugarrena.
16:30ean abiatu ziren txirrindulariak Sansinenea industrialdetik, eta gune berean izan zuten helmuga. Bitartean, hiru Zakila Bira txiki osatu behar izan zituzten kirolariek, eta azken itzulian Arroagora igo ziren, Sansineneko helmugara jaitsi aurretik.