Zestoako Ibilaldi Neurtuaren XXI. aldia egin dute gaur, Agiro mendi klubak antolatuta. Giro ederra izanagatik eta jendeak ondo erantzun duen arren, bere puntu iluna ere izan du gaurko egunak; izan ere, ibilaldian parte hartzen ari zela ondoeza sentitu, eta pertsona bat hil da. Txangoa hasi eta berehala gertatu da ezbeharra; hirugarren kilometroan, Lasao parean sentitu da ondoezik parte hartzailea, eta osasungileak hura suspertzen saiatu diren arren, ezin izan dute ezer egin. Hain zuzen ere, 56 urteko mutrikuar bat da hildakoa, eta antolatzaileek "pena handiz" hartu dute gertakaria. Agiro mendi klubak doluminak adierazi dizkie hildakoaren senitartekoei, lagunei eta gertukoei, eta "besarkada handi bat" helarazi die haiei guztiei.
Gertakari triste hori alde batera utzita, gainontzean ondo joan da gaurko ibilaldi neurtua. Guztira, 185 pertsonak parte hartu dute ekintzan; 60 lagunek 19 kilometroko proba motza egin dute, eta beste 125ek 29 kilometroko proba luzea. Ibilbide luzeko parte hartzaileak 07:00etan atera dira, eta aldiz, motzekoak, 08:00etan. Ibilbidea Zestoan hasi eta bukatu dute, eta tartean beste hainbat gailur eta bazter igaro dituzte.
(Argazkiak: Mikel Anabake eta Agiro mendi kluba)