Gotzaindegiari negoziatzera esertzeko eskatu diote beste behin Zestoako Gazte Asanbladako kideek

Aitziber Arzallus 2023ko ekainaren 16a

Atzo arratsaldean Donostian egin zuten elkarretaratzea. (Zestoako Gazte Asanblada)

Dozenaka gaztek elkarretaratzea egin zuten atzo arratsaldean Donostiako Gotzaindegiaren parean. Gotzaindegiaren zein Zestoako Udalaren jarrera kritikatu zituzten han bildutakoek.

Atzo arratsaldean, Zestoako Gazte Asanbladak deituta, elkarretaratzea egin zuten Donostiako Gotzaindegiaren parean, Elizari eskatzeko negoziatzera eser dadila. Izan ere, dagoeneko lau hilabete dira Gazte Asanbladako kideak Elizaren jabetzakoa den Elizondo eraikinera sartu zirela, Gaztetxe berriarentzat kokalekurik egokiena dela irudituta.

Asanbladaren esanetan, Gotzaindegia interesatuta dago Zentroko lokalaren jabetzaren ingruan negoziatzera, baina ez lokala asanbladaren eskuetan dagoen bitartean. Gazteen irudiko, "jarrera hori guztiz irrazionala da; izan ere, eraikinaren inguruko negoziazioak hasteko ez du inolako eragozpenik sortzen asanblada lokalean egoteak". Gotzaindegiaren jarrera azaltzeko bi arrazoi bakarrik egon daitezkeela uste du asanbladak: "Batetik, egoskorkeria irrazionala eta okupazioak Gotzaindegiaren egoa ukitu izana; eta bestetik, jabetza pribatuaren sakralizazioa".

Gipuzkoako Gotzaindegiak "Eliza sozialaren ideia" defendatzen duen arren, praktikan kontrakoa erakusten ari dela uste dute Zestoako Gazte Asanbladako kideek. "Erortzen uzten ari ziren eraikin bati benetako funtzio soziala ematen ari zaion Gaztetxea deslojatu nahi dute jabetza pribatu santuaren izenean, eta horretarako, poliziaren indarkeria erabiltzeko prest daude herriko gazteak eraikinetik kolpeka aterata". Izan ere, Elizak oraintsu jakinarazi die gazteei, berriz ere bide judizialera joko duela.

Zestoako Udalaren jarrera ere kritikatu dute gazteek, "zeinak bereak irekitako arazoak konpontzetik urrun, modu arduragabean arazoari entzungor egiten jarraitzen duen, bere erantzukizunari uko eginez".

Dena dela, Gazte Asanbladako kideek adierazi dute beren aldetik jada hasi direla Zentroko Gaztetxeak herriari egiten dion ekarpena erakusten, eta dagoeneko hainbat eragileren antolakuntzarako espazioa dela Gaztetxe berria".

Horiek horrela, udalari beste behin eskatu diote behingoz bere erantzukizuna onar dezala eta Zentroko Gaztetxearen egoera egonkortzeko dituen baliabideak erabil ditzala, eta Gotzaindegiari bide juadiazal eta bere jabetze pribatuaren defentsa irrazionala alde batera utzi eta denentzako positiboa izango den aterabide bat bilatzeko negoziatzera eser dadila.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide