Laster abiatuko da Zestoako Antzerki Astearen XI. edizioa

Unax Larrañaga 2023ko ekainaren 9a

2019ko Antzerki Asteko momentu bat. (Eromen)

Ekainaren 26tik uztailaren 1era bitartean izango da. Lau antzezlanek, hitzaldi batek eta maskara erakustaldiak osatuko dute egitaraua.

11 urte betetzen ditu Zestoako Antzerki Asteak aurten, eta ekainaren 26tik uztailaren 1era egingo den XI. ediziorako hainbat ekintza antolatu ditu Eromen Arte Eszenikoen Eskolak.

Prestatu dituzten ekitaldien artean, lau antzezlan aurkeztuko dituzte, hainbat antzerki talderen eskutik. Eromen Produkzioaken Higa (edo nola egin traizio tradizioari) antzezlanak zabalduko du aurtengo egitaraua, ekainaren 26an eta 27an. Ondoren, 29an, Zestoako Antzerki Eskolako haurrek eta gaztetxoek Ongi etorri festara! ikuskizuna eskainiko dute. Ekainaren 30ean, Artedramak Hondamendia antzezlana aurkeztuko du. Azkenik, uztailaren 1ean, Tarzan ikuskizunarekin itxiko du jaialdia Mar-Mar antzerki taldeak.

Antzerki emanaldiez gain, Kultura eta herria hizketaldia egingo dute ekainaren 28an; eta antzerki eskolako ikasleek egindako maskaren erakustaldia, berriz, ekainaren 29an.

Aurreko urtean bezala, Zestoako industrialdeko Caravan Park eraikina izango da Zestoako Antzerki Astearen kokaleku nagusia, nahiz eta eskolako haurren antzezlana Kultur Etxeko aretoan izango den.

Sarrerak Zestoako Turismo Bulegoan edota entradium.com webgunean daude eskuragarri. Ekitaldien prezioei dagokienez, umeen eta gazteen emanaldiak doan izango dira, eta helduei zuzendutako antzezlanen sarreren prezioa 8 eurokoa izango da. Horrez gain, hiru antzezlanak ikusteko bonuak erosi ahal izango dira Zestoako Turismo Bulegoan, 20 eurotan. 15 urtetik beherako ikusleek %50eko deskontua izango dute sarreretan.

Egutegia

Hona hemen Zestoako Antzerki Astearen egutegia:

Ekainak 26 eta 27, astelehena eta asteartea

Antzerkia: Higa (edo nola egin traizio tradizioari), 20:30etan, Caravan Parken.

Ekainak 28, asteazkena

Hizketaldia: Kultura eta herria, 19:00etan, Caravan Parken.

Ekainak 29, osteguna

Maskara erakustaldia; ondoren antzerkia: Ongi etorri festara!, 18:30ean, Kultur Etxeko aretoan.

Ekainak 30, ostirala

Antzerkia: Hondamendia, 20:30ean, Caravan Parken.

Uztailak 1, larunbata

Antzerkia: Tarzan, 19:00etan, Caravan Parken.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide