Ekain Igoerarekin ospatuko dute Ekaingo kobazuloaren aurkikuntzaren 54. urteurrena

Mailo Oiarzabal 2023ko ekainaren 7a

Rafael Rezabal eta Andoni Albizuri, Ekain aurkitu zutenak, kobaren sarreran ateratako argazkian.

Etzi, ostirala, 24 gaztek parte hartuko dute Ekainberrik, Arazik eta Agirok elkarlanean antolatu duten ekitaldian, Sastarraindik abiatuta Ekaineraino igota.

Bihar, ekainak 8, Ekaingo kobazuloa aurkitu zuteneko 54. urteurrena beteko da. Andoni Albizuri eta Rafael Rezabal Antxieta kultur elkarteko azpeitiarrek aurkitu zuten, Sastarraingo bailaran, Paleolitoko labar-artearen altxor handienetakoa den koba, 1969ko ekainaren 8an.

Urteurren hori ospatzeko, aurkikuntzaren garaiko prentsako albisteak zein Rezabali eta Albizuriri haitzuloaren atarian ateratako argazki bat zabaltzearekin bat, Ekain Igoera deritzon ekitaldia antolatu dute Ekainen erreplika jasotzen duen Ekainberri k, hori kudeatzen duen Arazi enpresak, eta Zestoako Agiro mendi klubak.

Etzi, ostirala, egingo dute Ekain Igoera, 18:00etan hasita. 15 eta 16 urteko 24 gaztek parte hartuko dute ekitaldian. Sastarrain bailararen magaletik abiatuta, Ekaingo muinoraino igoko dira korrikalari gazteak, 200 metroko desnibela duen 700 metroko ibilbidea osatuz. Bukatutakoan, ekainaren 8ko urteurrena dela-eta sortutako kamiseta berezia jasoko du parte hartzaile bakoitzak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide