Zestoako Gazte Asanbladak joan den astean jakinarazi zuen Donostiako Gotzaindegiak maiatza bukatu arteko epea eman ziela bere jabetzakoa den Elizondo eraikinetik ateratzeko; ordurako Gaztetxea "beren kabuz" uzten ez bazuten, bide judizialarekin aurrera jarraituko duela eta beste salaketa bat jarriko duela. Maiatza bukatu da, baina asanbladako kideek eraikinean jarraitzen dute oraindik, handik ateratzeko asmorik gabe eta Gotzaindegiaren berririk gabe.
Asanbladako kideek hedabide honi azaldu diotenaren arabera, Elizarekin negoziatzeko prest daude, eta ari dira haiekin harremanetan jarri nahian, baina, momentuz, ez dute haiekin hitz egiterik lortu. "Ez dakigu zer etor dakigukeen, agian aste honetan zerbait iritsiko zaigu, agian ez... Uneotan, erabateko ezjakintasun eta ziurgabetasun egoeran gaude, eta ikusiko dugu hurrengo egunek zer ematen duten", ziurtatu dute.
Elizondo eraikinaren okupazioaren harira auzipetutako gaztearen absoluzioaren ondotik iritsi da Gotzaindegiaren eskaera. Epaiketan, fiskalak ez ezik Elizak ere auzipetutako gaztearen absoluzioa eskatu zuen, «helburua gazte baten kontrako kondena ez dela argudiatuta».
Asteburu bete-betea
Bien bitartean, eguneroko martxari eusten diote Gaztetxean, eta datozen egunetarako hainbat jarduera dituzte programatuta. Esate baterako, ostiralean, hilak 9, Umeen Eguna ospatuko dute. Batetik, altxorraren bila jolasean arituko dira; eta bestetik, txotxongilo tailerra egingo dute. HHko eta LHko umeei zuzendutako jarduerak izango dira, biak ala biak doakoak. Parte hartu nahi dutenek, zestoakogazteasanblada@gmail.com helbide elektronikora mezu bat idatzita eman beharko dute izena.
Horrez gain, larunbaterako Erresistentzia jaialdia antolatu dute. 11:30ean hasita, Langile kontrolpeko espazioen egungo egoera eta defentsa mekanismoak hitzaldia izango da Zentroan; 12:30etik aurrera, futbito txapelketaren finalak jokatuko dituzte herriko kiroldegian; 15:00etan hasita, bazkaria egingo dute Zentroan; 18:00etan, poteo musikatuari ekingo diote; eta 20:30etik aurrera, kontzertuak izango dira Zentroan. Hain zuzen ere, Xsakara, Onlifly, Manitu eta Anker taldeek joko dute zuzenean, eta gero, Hgs DJ-ak jarraituko du musika jartzen. Bazkarirako tiketak Mollergi tabernan daude salgai, sei euroren truke; kontzertuetarako sarrerak, berriz, sei euro balioko du eta egunean bertan erosi beharko da.