Maiatza amaitzerako Zentroa utz dezala eskatu dio Elizak Zestoako Gazte Asanbladari

Ane Olaizola 2023ko maiatzaren 30a

Gazteek Elizondo eraikina bihar baino lehen uzten ez badute, bide judizialarekin aurrera jarraituko duela eta beste salaketa bat jarriko duela ohartarazi die Donostiako Gotzaindegiak.

Maiatza amaitu aurretik Elizondo eraikinetik atera behar dutela jakinarazi dio haren jabetzakoa den Donostiako Gotzaindegiak Zestoako Gazte Asanbladari (ZGA), taldeak azaldu duenez. Gazteek bideo bidez eman dute jakitera Donostiako Gotzaindegiaren azken adierazpena: horien arabera, Elizak "duela egun batzuk" ohartarazi zien bihar baino lehen Gaztetxea "beren kabuz" uzten ez badute, bide judizialarekin aurrera jarraituko duela eta beste salaketa bat jarriko duela. Era berean, ZGAk salatu du Gotzaindegiak beste behin uko egin diola afera negoziatzeari.

Elizondo eraikinaren okupazioaren harira auzipetutako gaztearen absoluzioaren ondotik iritsi da Gotzaindegiaren eskaera. Izan ere, Donostiako Gotzaindegiak jarritako salaketa tarteko epaitu zuten gazte zestoar bat joan zen apirilaren 18an Azpeitiko Epaitegietan. Zestoako Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, epaiketan fiskalak ez ezik Elizak ere auzipetutako gaztearen absoluzioa eskatu zuen, "helburua gazte baten kontrako kondena ez dela argudiatuta".

Epaiketa amaituta izanagatik, ZGAk "espero" zuen Elizak bide judizialari eustea, asanbladako kideek absoluzioaren berri izan ondoren azaldu zutenez. Horrek "eraginak" izan ditzakeela ohartarazi zuten, tartean "desalojo arriskua". Hori dela eta, ZGAk Elizari eskatu dio "bide judiziala alde batera uzteko eta asanbladako kideekin negoziatzeko esertzeko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide