Erremontari Herriz Herri Txapelketaren partidak jokatuko dituzte ostiralean, hilak 19, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta bi erremonte partida ikusteko aukera izango dute pilota zaleek. Lehen partidan, batetik, Urtzi Gurrutxaga aizarnazabaldarra eta Apezetxea arituko dira, eta bestetik, Loitegi eta Aiestaran VI.a. Bigarren partidan, berriz, Urrizak eta Martirenak osatuko dute bikote gorria, eta Aldabek eta Juaneneak urdina. Bi partidetan bi set jokatuko dituzte hamabost tantora, eta hirugarrena, bost tantora.
Erremontari Herriz Herri Txapelketa apirilaren amaieran aurkeztu zuten. Txapelketa berria da, hain justu, Erremontari saioaren bultzada jarraituz antolatu dute. Txapelketan Oriamendi enpresako erremontista guztiek parte hartuko dute, bi taldetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak arituko dira, eta, B taldean, Oriamendiko beste erremontista guztiak.
Bikoteak ez dira finkoak izango; izan ere, jardunaldi bakoitzean aldatu egingo dituzte bikoteak. Hori horrela, pilotari bakoitzak bere puntuazio indibiduala izango du. Zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak hartuko dituzte kontutan (egindako tantoen eta huts egiteen kenketaren emaitza, hain zuzen). Media onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean).
Gainera, antolatzaileek jakinarazi dute ekainaren 22an Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan jokatuko duten Erremontari saioaren grabaketa zuzenean eta doan ikusteko aukera izango dutela zestoar guztiek.