Zestoako Gazte Asanbladak (ZGA) bideo bidez jakinarazi duenez, absolbitu egin dute Elizondo eraikinaren okupazioaren harira auziperatutako gaztea. Donostiako Gotzaindegiak jarritako salaketa tarteko epaitu zuten gazte zestoarra joan zen apirilaren 18an Azpeitiko Epaitegietan. Zestoako Gazte Asanbladako kideek azaldu dutenez, epaiketan zehar fiskalak ez ezik Elizak ere auziperatutako gaztearen absoluzioa eskatu du, "helburua gazte baten kontrako kondena ez dela argudiatuta".
Salaketa kentzeko, epaiketa bertan behera uzteko zein Elizondoren eta Zestoako Gaztetxearen auziari irtenbidea emateko, eta epaitutako gazteari babesa adierazteko, ekintzak eta adierazpenak egin zituen ZGAk apirilean zehar. Tartean, elkarretaratzea egin zuten Zestoan; eta epaiketaren egunean Azpeitiko Epaitegien atarian elkartu ziren berriro, Epaiketa gelditu, soluzioa orain! zioen pankartaren atzean.
Negoziaketa eta "gaztetxe berriaren biziberritzea"
Epaiketaren prozesua amaitu den arren, gazte asanbladako kideek adierazi dute, "esperotzekoa" dela "Elizak bide judizialari eustea eta beste prozedura batzuei ekitea, eraikina berreskuratzeko". Horrek "eraginak" izan ditzakeela ohartarazi dute, tartean "desalojo-arriskua". Hori dela eta, ZGAk Elizari galdegin dio "bide judiziala alde batera uzteko eta asanbladako kideekin negoziatzeko esertzeko". ZGAko kideek dagoeneko ireki dituzte negoziazio bideak.
Elizari negoziatzeko deia egiteaz gain, Zestoako Udalarekin izandako harremanaren berri ere eman dute ZGAko kideek: "Udalak, oraindik, negoziatzeko egin ditugun hurbilpen guztien aurrean entzungor jarraitzen du, arazoari irtenbiderik emateko prestutasunik gabe".
Era berean, "gaztetxe berriari erabilera eta bizitza" emateko prestutasuna agertu dute gazte asanbladako kideek, eta iragarri dute hainbat ekintza prestatzen ari direla datozen egun eta asteetarako. Asteburuan zehar hainbat auzolan egin dituzte Zentroan, "gunea txukuntzeko eta oholtza nahiz barra prestatzeko".
