Arroabeko Udaberriko III. Argazki Rallya maiatzaren 14an egingo dute

Mailo Oiarzabal 2023ko maiatzaren 5a

2022ko Udaberriko Argazki Rallyan saritutako argazkietako bat izan zen hau. (Oihan Ruiz)

Nahi duten argazkilaritza zale guztiek dute parte hartzeko aukera, eta argazki kamera zein sakelako telefonoa erabili ahalko dute parte hartzaileek. Izena aurrez zein egunean bertan eman daiteke. Sari banaketa, berriz, ekainaren 2an egingo dute.

Datorren asteko igandean, maiatzaren 14an, egingo dute Arroabean Ezkaizto auzo elkarteak antolatutako Udaberriko III. Argazki Rallya. 10:00etatik 13:00etara izango da, eta nahi duten argazkilaritza zale guztiek dute parte hartzeko aukera; antolatzaileek bi kategoria bereiztu dituzte, 16 urtez azpikoena eta 16 urtetik gorakoena, eta izena ematerakoan zehaztu beharko du lehiakide bakoitzak zein mailatan lehiatuko den. Izen emateari dagokionez, doakoa izango da, eta aurrez (arroako.argazkirally@gmail.com helbidera idatzita) edo egunean bertan egin daiteke; rallyaren egunean, 09:30etik 10:00etara, Arroabeko Elkargunean eman ahalko da izena.

Argazki kamera zein sakelako telefonoa erabili ahalko dute parte hartzaileek. Ibilbidea zein argazkien gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte Udaberriko III. Argazki Rallyaren antolatzaileek. Rallyaren bukaeran, parte hartzaile bakoitzak gehienez 38 argazki eman ahalko ditu, kontrol argazkia barne dela; horiek antolatzaileen ordenagailuan deskargatuko dituzte –telefonoarekin parte hartuz gero, USB kalbea eraman beharko da–, baina ondoren, maiatzaren 21a arte, argazkilari bakoitzak etxean aukeratu ahalko ditu lehiaketara aurkeztuko dituen argazkiak: gai bakoitzeko argazki bat eta kontrol argazkia bidali ahal izango dira; guztira, sei argazki.

Sariak eta sari banaketa

Maiatzaren 28an jakinaraziko dute antolatzaileek Arroabeko Udaberriko III. Argazki Rallyaren epaimahaiaren ebazpena, eta ekainaren 2an egingo dute sari banaketa, 19:00etan.

Guztira bederatzi sari banatuko ditu Arroabeko Udaberriko III. Argazki Rallyak. Lehiaketan zehaztutako kategoria bakoitzeko hiru bilduma onenak sarituko dituzte, batetik; eta parte hartzaile guztiak kontuan hartuta beste hiru sari ere bai: auzoko lehen sailkatuarena, rallyko argazki onenarena, eta Arroabeko herri bozketarena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide