Bizikletaz Adinik Ez elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin herriz herri antolatzen dituen adinekoentzako triziklo irteerak Zestoara iritsiko dira bihar, maiatzaren 6an.
Hain zuzen ere, bi irteera prestatu dituzte, eta guztira, San Juan eta Gisasola zahar etxeetako hamabi egoiliarrek parte hartuko dute elkarteko boluntarioek gidatutako trikizikloetan egingo dituzten ibilaldi horietan. San Juan egoitzakoentzat izango da goizeko txanda, 11:00etan; Gisasolakoek, berriz, 15:30ean hasiko dute triziklo txangoa. "Herriko toki esanguratsuenetatik" osatuko dute ibilbidea: ibai ondoko pasealekutik, bainuetxetik eta Lili jauregitik igaroko dira adinekoak trizikloetan, eta herriko erdigunean bukatuko dute ibilaldia.
Martxoaren 25ean Zarautzen hasi zen herriz herriko egitasmoaren barruan, 26 irteera egingo dituzte guztira Bizikletaz Adinik Ez elkartekoek Gipuzkoako zazpi eskualdetako 26 herritan, urrira bitartean. "Jarduera horrekin, egoitzetan bizi diren adinekoak beren komunitatearekin konektatzen dira, esparru jasangarri, osasungarri eta berdintasunezko batetik, errespetua sustatuz eta belaunaldi desberdinen arteko harremanak ehunduz", azaldu ditu elkarteak egitasmoaren helburuak eta onurak.