Ibilaldi laburra eta hitzaldia, Zestoa Osasuntsuren barruan

Mailo Oiarzabal 2023ko maiatzaren 2a

Aritz Gorostidi fisioterapeutak hitzaldia emango du Zestoan maiatzaren 9an. (Ataria.eus)

Etzi egingo dute oinezko irteera, 10:30ean kiroldegi ataritik irtenda. Maiatzaren 9an, berriz, Ariketa fisikoaren onurak minbizia duten pertsonengan hitzaldia emango du Alonderon Aritz Gorostidi fisioterapeutak.

Zestoako Udaleko Kirol sailak bi ekintza prestatu ditu datozen egunetarako Zestoa Osasuntsu egitasmoaren barruan. Ohikoa, adineko pertsonak ariketa fisikoa egiteko prestatzen dituzten ibilaldietako bat, etzi egingo dute. Ibilaldi laburraren txanda izango da oraingoan, eta parte hartu nahi dutenek 10:30ean dute hitzordua kiroldegiko atarian.

Gaur zortzi, berriz, maiatzaren 9an, Ariketa fisikoaren onurak minbizia duten pertsonengan izeneko hitzaldia emango du Zestoan Aritz Gorostidi fisioterapeuta donostiarrak. Mina duten pertsonekin lan egiten eskarmentua duen terapeuta da Gorostidii; "kalitatezko bizitza oparoa izateko asko eta maiz mugitzean dago gakoa", haren esanetan. "Gaixotasun larriak edukitzean, ariketa fisikoa egiteari uzteko ohitura izaten da. Izan ere, pertsona askoren pentsamenduan, geratzen diren indar apurrak gaixotasunari aurre egiteko gordetzearen ideia dago. Gorostidik, aldiz, erakutsiko du ariketa fisikoa egiteak duen garrantzia, eta edozein dela gorputzaren egoera ere, beti onurak ekar ditzakeela", diote Zestoa Osasuntsuren antolatzaileek, hitzaldiaren xedea azaltzeko.

Alonderon emango du hitzaldia Gorostidik, 17:30ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide