Zestoako Gaztetxeak 34 urte bete ditu, eta hori ospatzeko festa eguna izan zen atzo, igandea, Zestoan. Gazte Asanbladako kideek egun osorako egitaraua zuten antolatuta urtemugaren bueltan.
Bertso-triki poteoarekin ekin zioten egunari. Jon Gurrutxaga azpeitiarra eta Danel Olano getariarra aritu ziren kantuan. Herriko tabernetatik itzulia eginda, bazkaria egin zuten Zentroaren atarian, 15:00etan hasita. Behin sabelak beteta, Gazte Asanbladako kideek egungo Gaztetxearen eta okupatu berriaren borroka gogora ekartzeko tartea hartu zuten. Aipatu zuten dagoeneko hiru hilabete igaro direla Elizondora sartu zirenetik, eta azpimarratu zuten borrokan jarraituko dutela. Horren harira, gaztetxeen garrantzia aldarrikatu zuten. Gaueko bertsio gauarekin borobildu zuten eguna. Gaztetxe zaharrean eskaini zituzten zuzenekoak, eta herritar ugari animatu zen zestoarren bertsioez gozatzera.