Jon Cardona eta Irati Aranguren nagusi, IX. Gurutzeaga Txirrindulari Sarian

Maialen Etxaniz 2023ko apirilaren 30a

Jon Cardona irundarra izan da helmugaratzen aurrena. Iraetako Aratz Unanue izan da bigarrena helmugara iristen eta Danel Beristain zumaiarrak osatu du podiuma. Emakumezkoetan Irati Aranguren izan da nagusi. 

Txirrindularitzako IX. Gurutzeaga Saria jokatu dute gaur arratsaldean Zestoan. Kadete mailako 180 txirrindularik parte hartu dute 51 kilometroko lasterketan, eta Jon Cardona (Ipar Maquina) irundarra izan da helmugaratzen aurrena, ordu bat, 14 minutu eta 38 segundoko denbora eginda. Iraetako Aratz Unanue (Viveros San Anton) izan da bigarrena helmugara iristen, bigarren urtez jarraian; ordu bat 14 minutu eta 40 segundo behar izan ditu helmugara iristeko. Danel Beristain (Viveros San Anton) zumaiarra sailkatu da hirugarren.

Emakumezkoetan, Irati Arangurenek (Andoaingo Txirrindularitza Eskola) aurreneko postua eskuratu du ordu bat, 16 minutu eta 15 segundoko denboran. Talde mailako lehen saria Iruindarra taldeak eskuratu du.

Txapelketa 16:00etan hasi da Zestoako Erdikaletik, eta Gurutzeaga pilotalekuaren aurrean amaitu da. Sari banaketa 18:00ak aldera egin dute Zestoako plazan, eta jende ugari elkartu da han. Txirrindularitza probaren laburpen bideoa, hemen

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide