'Aizarnako festak' aurkeztu du Ion Egigurenek, bere hirugarren argazki-liburua

Mailo Oiarzabal 2023ko apirilaren 28a

Jon Egiguren gaur, Udal Liburutegian, azken 11 urteetan argitaratu dituen hiru liburuekin. (Mailo Oiarzabal)

2011 eta 2022 artean Aizarnako festetan eta ekitaldi berezietan ateratako 275 bat argazki jaso ditu egileak argitalpenean. 2012an plazaratu zuen Aizarnako argazkiak lehen liburuaren berrargitalpen mugatua ere egin du Egigurenek, edukia osatuta.

Azken 11 urteetan hiru argazki-liburu osatu eta argitaratu ditu Ion Egigurenek (Aizarna, 1949), eta gaur aurkeztu du hirugarrena eta, asmoak aldatzen ez baditu behintzat, "azkena" izango dena: Aizarnako festak.

Aizarnako argazkiak (2012) eta Gipuzkoako parrokia zaharrak (2016) aurreko liburuekin ez bezala, Zestoako Udalaren laguntza eskatu eta jaso du Egigurenek hirugarren argazki bilduma argitaratzeko, eta Zestoako Udal Liburutegian aurkeztu du, bertako liburuzainak eta Mikel Arregi alkatea ondoan zituela; bide batez, hiru liburuen ale bana liburutegian utzi ditu, hango bilduman gordeta herritar guztiek ikusteko aukera izan dezaten.

Liburu berria Aizarnako argazkiak-en jarraipena da, hein handi batean. 2012ko argitalpen hartan Aizarnako ia baserri guztien eta hainbat toki eta kontu esanguratsuren irudiak jaso zituen Egigurenek, baina jai giroko argazkiek ere pisu handia izan zuten; 1983 eta 2011 urteen arteko herriko festetan eta ekitaldietan ateratako argazkiak jaso zituen egileak Aizarnako argazkiak liburuan. Bilduma hari jarraipena eman, eta 2011 eta 2022 urteen arteko Aizarnako jaietan eta ekitaldi berezietan hartutako 275 bat argazkirekin bete ditu liburu berriaren 268 orrialdeak.

'On Kixote'-n ez dago Aizarnarik

"Aizarna da nire eremua", dio Egigurenek. Aurrekoak bezala, azken liburua ere bereziki "Aizarnari begira" kaleratu du, eta Aizarnan jarriko du salgai; asteburu honetatik aurrera, Aranburu eta Konpittero ostatuetan izango da Aizarnako festak erosteko aukera, 40 euroren truke.

Bere kabuz eta bere kontura argitaratu zituen lehen bi liburuak aizarnarrak, eta 50 eurotan saldu zituen haiek. "Garestiak" zirela entzun zuela gogoratu du gaurko aurkezpenean, baina haietako ale bakoitzaren kostua "80 eurotik gorakoa" zela kontuan hartuta, "galtzen" irten zen Egiguren. Bere gogoz eta "kapritxoz" gauzatutako proiektuak izanik, horren kexurik ez du. Oraingoan, udalaren laguntzari esker, gastuak "enpazteko" moduan izango dela uste du; eta konforme dago horrekin, eta udalari "eskerrak eman" dizkio gaurko aurkezpenean. Udal dirulaguntzari esker, gainera, Aizarnako argazkiak liburuaren berrargitalpen mugatu bat ere kaleratu du, sei alekoa. "Nire ustez Aizarnan orduan zutik zeuden baserri guztiak jaso nituen liburu horretan, baina etorri zitzaizkidan batzuk esanez beren etxeak falta zirela. Orain, falta ziren horien argazkiak gehitu eta beste ale batzuk argitaratu ditut".

Aizarnako argazkiak kaleratu zuenean, liburu hura "Aizarna apal txiki batean gorde ahal izateko aproposa" zela zioen Egigurenek, eta intentzio berarekin osatu du liburu berria ere. Argazkilaritza zaletasuna duela gogoratu du, bere lanak alde horretatik duen maila kokatze aldera: "Ez dira kristoren liburuak. Ez dira On Kixote eta ez dute balio handirik, baina On Kixoten ez dago ikusterik Aizarnako argazkirik, eta hauetan bai". Egigurenek ardi dauka, ordea, bere lanetan "Aizarna islatzen" dela, eta horixe da bere helburua.

Trilogia osatuta, momentuz behintzat ez du beste libururik buruan aizarnarrak. Duela hemezortzi urte sortu zuen Aizarna.com webgunea hor du, hala ere, eta paperezko edizioak agortutakoan, han jarri asmo ditu Aizarnari buruzko liburuak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide