Egunak motz geratzen zaizkio Bihotz Uzkuduni (Arroagoia, 1986) aste honetan. Berak eta Urko anaiak irabazi zuten Santa Kutz eguneko haurren danborradako karroza egiteko Zestoako Udalak deitutako lehiaketa. Ohiko lanei karroza prestatzea gehituta, aspertzeko betarik gabe dabiltza Uzkudun anai-arrebak. Maiatzaren 3an, Santa Kutz egunean, kalera ateratzeko pronto eduki behar dute karroza, eta astebete baino gutxiago gelditzen da haurren danborradarako.
"Lehiaketaren hirugarren edizioa da aurtengoa eta guztietara aurkeztu dugu gure proposamenen bat. Egia esan, aurten ez genuen lehiaketara aurkezteko asmorik", dio Uzkudunek, udalak karroza prestatzeko "beste urteetan baino denbora gutxiago utzi» duelako, besteak beste. Hala ere, "azken momentuan", aurten ere karrozarako proiektua aurkeztu zuten anaiak eta berak, eta huraxe izan da epaimahaiak aukeratutakoa.
Irudimena, eta lan asko
Otsailean ireki zuen udalak karroza lehiaketara lanak aurkezteko epea. Uzkudun anai-arrebak martxoaren erdi aldetik ari dira maiatzaren 3ra begira lanean, baina azken astea da prozesuaren zatirik "gogorrena", Bihotz Uzkudunen esanetan, "azken detaile guztiak amaitzen ibiltzen garelako eta karrozaren gurdia orain uzten digutelako, muntaia guztia egiteko". Erlojuaren kontra ari dira lanean, baina badakite lehendik ere zer den hori. Izan ere, 2019an ere uzkudundarrek irabazi zuten karroza lehiaketa. Beraz, datorren asteazkenean umeen danborradarekin aterako dutena beraiek egindako bigarren karroza izango da.
Zestoako santakutzetan danborradarekin kalez kale ibiltzen den karroza egiteak "irudimen asko eta esku lan handia" eskatzen dituela dio Bihotz Uzkudunek.
Sekretua gordetzen
Zestoan ikusmin berezia sortzen du umeen danborradaren karrozak. Izan ere, karrozaren gaia zein izango den ez dute aurrez esaten; Santa Kutz eguneko arratsaldera arte ondo gorde beharreko sekretua izaten da karrozaren xehetasunen gaineko guztia. Hala ere, badago egileei zantzu eske ibiltzen denik: "Askok galdetzen digute gaia zein den, baina saiatzen gara sekretua gordetzen, egunean bertan sorpresa izan dadin".
Gutxi aurreratu dezakete egileek egiten ari diren lanaz, baina kontatzeko modukoak kontatzeko trabarik ez du Bihotz Uzkudunek. 2019an egin zuten karrozatik eta esperientzia hartatik abiatuta, aurtengorako zer material erabiltzen ari diren azaldu du karroza egileak: "2019an egin genuenak plastikoen erabilera gutxitzearen beharra aldarrikatzen zuen, eta plastikoek itsasoan eragiten duten kaltearekin uztartu genuen karroza. Urte hartako karroza ia dena berrerabilitako zaborrez egin genuen: garagardo latak, tetrabrikak, plastikozko era eta kolore guztietako ontziak... Orokorrean, jendeari gustatu zitzaiola esango genuke. Gu geu gustura gelditu ginen, karrozan parte hartu zuten umeek ondo pasatu zutelako eta dena ondo irten zelako. Aurtengoa ere berrerabilitako materialez egina da, baina oso estilo desberdinekoa".
Santakutzen egitaraua, prest
Zestoako Udala hasi da datorren asteko herriko jaietarako prestatu duten egitaraua zabaltzen. Bi eguneko festak izango dituzte aurten ere santakutzetan Zestoan. Hona hemen, egitaraua:
Maiatzaren 2a, asteartea
- 19:00. Jaien hasiera. Kalejira: Idiakaitz txistulari taldea, Azpeitiko Musika Banda eta Zestoako Musika Banda.
- 22:30. Helduen danborrada. Elkarteak eta taldeak: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txarangarekin); Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko bandarekin); Trapuzarrak eta Zitxontarrak (Ustekabe txarangarekin); Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako bandarekin).
Ondoren, Ustekabe txaranga.
Maiatzaren 3a, asteazkena. Santa kutz eguna
- 10:30. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
- 12:30. Meza nagusia, parrokian.
- 18:00. Umeen danborrada.